
Ongi etorri Uribe alderaWeb gune honen bitartez eskualde bizkaitar honen natura, ondare eta kultura ezagutzeko gonbitea luzatu nahi dizugu. Bertan bere udalerrietako paisaia, historia eta tradizioari buruzko informazioaz gain, eskualdea ezagutzeko aholkuak zein eskaintzen dituen jarduera ezberdinak aurkituko dituzu. Antzinako Uribeko Merindadeak gure eskualde osoa eta egun Bilbo metropolitarra osatzen duten Nerbioi haraneko elizateak hartzen zituen erdi aroan. Egungo Uribek, ostera, Txorierri eta Butroi haranak hartzen ditu, baita itsasertzeko udalerri mugakideak ere. Bere historia eta kultura bat izan arren, administrazioari begira bitan dago banatua, alde batetik Plentzia-Mungia eskualdea dugu eta bestetik Txorierriko harana, Bilbo Handiari lotua dagoena. Uribe eta berau osatzen duten hogeita bi udalerrien historian (Arrieta, Bakio, Barrika, Derio, Erandio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Gorliz, Larrabetzu, Laukiz, Lemoiz, Lezama, Loiu, Maruri-Jatabe, Meñaka, Mungia, Plentzia,Sondika, Sopela, Urduliz eta Zamudiorenean) garrantzi handia izan dute aipatutako Bilborekiko hurbiltasunak eta bere orografia leunak. Gure haran lau eta leunek Bizkaiko lautadarik zabalenak osatzen dituzte, bertan Butroi eta Asua ibaiek Kantaurirako bide laburrean nekazaritzarako ibar emankorrak sortzen dituztelarik. Uribeko itsasertzean itsaslabar lerroa hainbat gunetan leuntzen da kai txiki eta hondartza zabalak sortaraziz. |
Uribeko pasaiaUribeko geografiak berezko edertasuna dauka, ingurune ugari eta natura zein paisaiari dagokienez balio handiko ekosistemak. Belaunaldietan barrena giza jarduerek forma emateaz gain, herri txikietako biztanleriaren eta naturaren arteko elkarreraginari esker egoera onean mantendu dituzte gune hauek. Gure baserritarren lanak paisaia paregabea sortarazi du, landazabal atlantikoa, hain zuzen. Landazabal honek mosaikoaren antzera dago egitaratua, soroak eta baratzak heskai eta belardiekin tartekatzen dira, bere baitan nekazaritza jardueraren bizikideak diren animalia eta landare espezie ugari hartuz. |