IBILBIDEAK BAKION
Bakiok ondare eta kultura elementuen multzo aberatsa dauka, eta ingurune naturalean gorde ditu, azken mendeetako garapena gorabehera. Ibilaldi honek udalerriaren berri izateko gonbitea egiten digu; horrela, hainbat alderditatik ibiliko gara, bertako paisaiaren berezitasunaz gain, bere arkitektura, kultura eta gizakiaren aberastasuna ikusteko eta bisitatzeko modukoak dira eta.
Hiru ibilaldiak Turismo Bulegoaren albotik abiatuko dira. Luzera ezberdinekoak dira eta norabidea zehazten duten seinale bertikalak dituzte. Baina norabide batean zein bestean egin daitezke, nahi den denbora emanez, euren artean lotura asko baitaude eta, horrela, ibiltariak, bere gurarien arabera, nahi duen zatia aukera dezakeelarik.
Horrez gain, ibilaldietan martxa errazago egingo diguten hainbat seinale jarri dira. Argibide-mapak dituzten panel eta seinale bertikalak horiek ondarearen elementu nagusiak (baserriak, baselizak, errotak, jauregiak…) non dauden erakusten dute. Azalpenerako mahaietan ibilaldiaren gaineko informazio zabalagoa ematen da, bidean goazela ikusten dugun inguruneari balio handiagoa ematen lagunduko diguna.
1. Ibilbidea: BASELIZEN BIDEA
Distantzia: 11 km. Gutxi gorabeherako denbora: 3 ordu
Turismo bulegotik irten eta itsasalderantz joko dugu, Santa Katalina, San Kristobal eta San Esteban baselizetatik igarota. Horiek guztiek herri arkitekturaren adibideak dira, eta sasoi batean izan zuten garrantzia erakusten digute; izan ere, hainbat auzotan sakabanatuta bizi ziren Bakioko lehen biztanleentzat baselizak batzeko guneak eta espiritualtasuneko lekuak izan ziren.
Bideak San Pelaioraino eramango gaitu. Baseliza erromaniko hori XII. mendekoa da, eta Bakion balio artistiko eta historiko gehien duen elementua da. Bisita horren ostean, ibilaldiak Gaztelugatxera joateko aukera emango digu, edo itsasaldetik aurrera egiteko, itsas labarretako ikuspegi pribilegiatuez gozatuz, Bakioko hondartzaraino, Bizkaiko hondartzarik luzeenetakoa baita entzutetsuenetako ere, hain zuzen. Hondartzatik eta herritik osteratxo bat eginda, eta bide nagusira itzulita, hasierako lekuan egongo gara berriro.
2. ibilbidea JAUREGIEN BIDEA
Distantzia: 4,5 km Gutxi gorabeherako denbora:1,30 ordu
Ibilaldi honetan soro eta ortuetatik zehar joko dugu Urkitzaur auzoan dagoen Santa Urtsula baselizarantz. Hortik pista bat abiatzen da, mendi-hegal erditik segitzen du itsasalderantz, eta hondartzaraino bertaraino heltzen da, 1960ko hamarkadako arkitekturaren eredu berritzailea den Lafita etxearen alboraino. Itzultzean, herria zeharkatuko dugu eta hainbat estilotako etxe handi eta dotoreak ikusiko ditugu (Frantziako Bigarren Inperiokoak, neoeuskaldunak, neokantabriarrak…). XX. mendearen hasieran eraiki ziren, Bakio Bilboko gizarte-maila pribilegiatuen opor-leku bihurtu zenean.
3. ibilbidea BAKIOREN BARRUALDEA
Distantzia: 9 km Gutxi gorabeherako denbora: 2,5 ordu
Turismo Bulegotik Basigo auzorantz abiatuko gara. Auzo hau Bakioko elizateko jatorrizko biztanle gunea da. Hortxe daude Andra Mari parrokia baita Elexpuru eta Hormatza jauregi barroko bikainak ere, landa eremu batean, soro eta mahasti artean. Hortik ibarraren behealderaino jaitsiko gara berriro igotzen hasteko baso artetik,Artzalde auzotik, San Miguel baseliza erromanikoa bisitatzeko.
Ibilalditxoaren azken zatian, Estepona ibaia zeharkatu eta Zubiaur alderantz egingo dugu, herri arkitekturaren etxe talde ederra, non Tabernazar, Bakioko baserririk zaharrena, aurkituko baitugu. Azkenik, bideak abiapuntura eramango gaitu San Martin eta Santa Katalina baselizetatik eta Bekoerrota-Bengolea errota-ola zaharretik igarota.
IBILBIDEAK ZAMUDION
OXINAGA BIDEA (PR BI – 250)
Zamudioko landa ingurunea ezagutzeko modurik onena oinez da, esaterako Bilboko Bide Zaharretik Gernikara doan seinaleztatutako OXINAGA BIDEtik, berau autore askoren iritziz Santiagorako Bidearen eta Gernikarantz doan Zinegite Ibilbidearen zati delarik. Egokitutako eta seinaleztatutako bide honek edertasun handiko parajeak zeharkatzen ditu, hala nola Arikondo Zubia (XVII-XVIII), Lezamarekin muga egiten duena, Larragoiti Jauregi Barrokoa (XVIII) eta zonaldean oraindik kontserbatzen den harizti bakanetako bat.
IBILBIDEAK ZAMUDION
OXINAGA BIDEA (PR BI – 250)
Zamudioko landa ingurunea ezagutzeko modurik onena oinez da, esaterako Bilboko Bide Zaharretik Gernikara doan seinaleztatutako OXINAGA BIDEtik, berau autore askoren iritziz Santiagorako Bidearen eta Gernikarantz doan Zinegite Ibilbidearen zati delarik. Egokitutako eta seinaleztatutako bide honek edertasun handiko parajeak zeharkatzen ditu, hala nola Arikondo Zubia (XVII-XVIII), Lezamarekin muga egiten duena, Larragoiti Jauregi Barrokoa (XVIII) eta zonaldean oraindik kontserbatzen den harizti bakanetako bat.
IBILBIDEAK SOPELAN
SOPELAKO INGURABIDEAREN IBILBIDEA
Orain dela hamarkada gutxira arte Sopela landagunea zen eta bere ekonomiak baserrian zuen oinarri. Herrigunean eta itsasertzean bizitegi-garapena eta garapen turistikoa nabarmenak izan dira, baina, hala ere, Sopelak oraindik ditu landazabal atlantikoaren paisaia tipikoak, hala Nola Santa Marina bezalako haitzak eta artadi eta harizti gune naturalak. Ibilaldian zehar udalerriko hainbat nekazaritza eremu ezagutuko ditugu.
Sopelako Udaletxetik irtengo gara, eta Sipiritik eta Ripatik igaroz, Lemotza bidexkatik, San Andres Baselizara helduko gara. Berau udalerriko tenplurik interesgarriena da, gotikoa da eta arku zorrotzeko portada dauka. Bertatik Sopelako kanpinerako bidea hartuko dugu, eta Zientoetxe-Aldekurtxe- Goikoetxebide ibilbidea jarraituz, Landaluzera helduko gara. Pista batek Eroski-Berango merkataritza gunera bideratuko gaitu eta bertatik Urko kiroldegira, Urgitxieta baserriraino.
Urgitxietatik abiatuta Gatzarriñen zehar bide laua topatuko dugu, Santa Marina Harkaitzetara igotzen dena. Bertan harkaitza bere egituraren parte egiten duen izen bereko baseliza gotikoa aurkituko dugu eta "Punta Lucerotik" Villano lurmuturrerainoko panoramika zabala ikusteko aukera izango dugu. Bideari jarraituz Metroko kotxetegietarantz jaitsiko gara, eta Iturrieta Parkea igaroz, Sopelako Udaletxeraino helduko gara.
SOPELA-AIXERROTA IBILBIDEA
Oraingo honetan Bilboko itsasadar-ahoaren eskuinaldea osatzen duten labarretarantz egingo dugu Barinetxeko udalerriko mendebaldeko itsasertzean barrena. Alde honetan Kurtzioko finkapen arkeologikoaren parterik garrantzitsuena dugu. Honek guztiak paisaia ederra osatzen du, ikuspegi askotarikoa, ostera gozoa emateko ezin hobea.
Sopelako Udaletxetik gasolindegirantz jaitsi eta Barinetxe hondartzako aparkalekura zuzen garamatzan bidegorria hartuko dugu. Begiratokitik itsas labarrekiko paraleloan doan pista bat abiatzen da eta bertatik kostalde osoa eta hondartza ederrak ikusi ahal izango ditugu. Gora bidea hartu eta Espainiako gerra zibilaren aztarna den bunkerrera helduko gara. Pistari jarraituz pinudi batera sartuko gara, eta pinudia zeharkatu ondoren Aizkorriko aparkalekura (Getxo) helduko gara. Labarren ondotik aurrera eginez, Punta Galeako itsasargira iritsiko gara eta Bilboko Portu Handia eta Badia ikusi ahal izango ditugu. Pasealekutik Aixerrotako Errotara helduko gara, berau Bizkaiko haize-errota bakanetako bat delarik. Bertatik itzuli egingo gara, Kurtxesetik beherantz doan lurrezko pistatik Azkorriko pinudia inguratu eta Larrabasterrera irtengo gara zuzen-zuzen.
SOPELANA-PLENTZIA IBILBIDEA(bizikletaz egin daiteke)
Sopelako itsasbazterrak paisaia ikusgarria eskaintzen digu, aparteko labar harritsuetan hondartzak tartekatuz. Ibilaldi honetan zehar ekialderantz egin ahala udalerriko hiru hondartzak ezagutuko ditugu. Alde honetan paisaiak duen balioaz gain, natura ere interes handikoa da; izan ere, itsas eta lur giroak nahasten diren zerrenda estu hau ingurune latz honi egokitu izanagatik aparteko landare eta animalia espezie anitzen bizilekua da.
Barinatxe hondartza zabaletik irten eta gero Atxabiribil-Arrietara hondartzara joango gara. Hondartza hau surfean aritzeko ezin hobea da, haizetsu eta uhin handikoak. Bertan labarrak inguratzen dituen bidea hartuko dugu. Bide hori izango da gure
gidari nagusia, ibilbide osoan gure ezkerrean izango baitugu
Sopelmar urbanizazioa inguratuz Meakozera helduko gara. Berau uharriko hondartza da eta itsasoari zabalik badago ere, hurbil dagoen harkaitzezko barrerak olatuen indarra leuntzen du. Berriro ere gorako bidea hartuko dugu, errepidera hurbiltzen den bide batetik. Errepidetik jarrai dezakegu, baina, orain arteko pista nahiago izanez gero, Barrikako Muriola hondartza txikiraino heltzen den ote zurizko bidea hartuko dugu. Bideak Plentzia eta Barrikako Txipioko hezegunera irtengo da. Brutroi ibaiaren azken gune honetan bertako landaretzaren azalera aintzat hartzekoa da, gainera uretako migrazio-hegaztiek bertan dute pausagune eta atsedenlekua.
MUNARRIKOLANDA IBILBIDEA (hilobi historikoen treka)
Munarrikolandaren garaiera xumea bada ere, bertako bista apartak ikusita, ez da harritzekoa lur horien lehenengo bizilagunek aukeratu izana. Artzain-kulturakoak izaki, hilobi-monumentupean ehorzten zituzten hildakoak urrunetik erraz ikusteko moduko lekuetan, ziur asko, taldearen lurraldetasuna erakusteko.
Munarrikolandako trikuharri estazioak 1964-1981 bitarteko hainbat kanpainatan aurkitutako zazpi monumentu megalitiko hartzen ditu bere baitan, behar bezala seinaleztaturik topatuko ditugunak.
Bere kokapen estrategiko apartari esker kokagune militarra ere izan zen Gerra Zibilean, Burdinazko Gerrikoaren atala izan zela. Inguruan porlanezko hainbat eraikuntza aurki ditzakegu (bunkerrak, tunelak, metrailadore-habiak, kanoi-guneak…) Bilbo inguruko mendietan zehar hedatzen zen defentsa gotortuaren aztarnak.
Sopelako Urkoko futbol zelaietatik abiatuko gara, eta mendixkatik gora egiten duen lurrezko bidea hartuko dugu. 200 metrora, ezkerretara joko dugu, eta gorantz jarraitu eukalipto baso bat zeharkatuz Munarrikolandaren gailurraren ezkerretara doan pistarekin topo egin arte. Bertan Unbe, Abra eta Getxotik Sopela eta Villano lurmuturrerainoko panoramika paregabeaz gozatu ahal izango dugu.
Bideak kordalean barna hegoalderantz jarraitzen du. Ibilbidean zazpi monumentu megalitiko ezagutuko ditugu. Honela agertuko zaizkigu: Saierriko tumulua, Saierri Muinoko tumulua, Saierriko Landako trikuharria eta tumulua I eta II, Munarrikolandako trikuharriak I eta II eta Goikoganako trikuharria. Pistak Eguzkizaraino segitzen du, bertatik Unberantz igo ahal izango dugu edo eskuinetara jo eta Berangorantz jaitsi.
IBILBIDEAK MARURI-JATABEN
JATAREN HEGALETAN BARNA
Distantzia: 6,214 metro Malda: %12tik beherakoa Lurzorua: legar zapaldua
Zabalera: 4-5 metro
Ibilaldi honek Jata mendiaren hegalak ezagutzeko aukera ematen digu. Udalerritik abiatuko gara, San Lorenzo elizaren albotik, hain zuzen. Bideak udalerriko ur-biltegiraino eramango gaitu. Bertan baldintza onetan dagoen legarrezko bide baten hasiera dugu, BI-3116 errepidera heltzean, Lemoizko udalerrian ordurako, bukatzen dena.
Ibilaldia joan-etorrikoa bada ere, elkarren artean lotzen diren xendra ezberdinak har ditzakegu Maruri-Jatabeko beste auzo batzuetarantz zein Jata mendiaren tontorrerantz bere ikuspegi paregabeaz gozatzeko.
IBILBIDEAK LOIUN
LOIURI ITZULIA
Distantzia: 9,9 km Malda: 250 m Gutxi gorabeherako denbora: 2,40 ordu
Ibilbide honek udalerriaren parte handia ezagutzeko aukera ematen digu. Bidegorri eroso batek Zabaloetxeko herrigunetik (0 km) Larrakoetxerako bidegurutzeraino eramango gaitu. Bertatik gora egingo dugu Lauroetako norabidea hartuta. Bidean begiratoki atsegina, oraindik ere lanean dabilen Goierengo Errota eta Natura Gela(4 km) aurkituko ditugu. Lauroetako frontoiaren atzean (4,6) ezkerretara joko dugu Farranagarantz eta 200 metrora Unberantz doan basabidea hartuko dugu. Unben gaudela Haranaren ikuspegi ederra izango dugu. Basabidea Akarlanda Parketik (Erandio 8,2 km) igarotzen den BI-3704 errepidera (7 km) heltzen da. Hemendik aurrera bidegorriak bueltan eramango gaitu Zabaloetxera.
|