10/10/2008     es | eu | en
Historia
Aisia
Ostatuak
Jatetxeak
Hondartzak
Jaiak
Loturak
BERANGOKO HISTORIA
Santo Domingo de Guzman eliza
Santo Domingo de Guzman eliza
Berangoko udalerriak bi alde ezberdin erakusten digu, batetik Mugarrikolanda mendigunearen magalek osatutako alde menditsua, eta bestetik, malda leuneko alde laua. Biek bat egiten dute Gobela ibaiaren ibarrean, itsasoraino 700 metroko lur zerrenda baino ez dagoela. Hementxe aurkitzen dira etxebizitza eta eraikin gehienak.

Berangoren kokapen apartak, Plentziatik Bilbora doan errepidearen ondoan baitago, Bilboko hirigunearekin daukan komunikazio onak, metroz,hain zuzen, eta hurbileko itsasertzeko udalerriek bertan bizitzeko erakargarritasuna areago dute, azken urteetan bere biztanleriaren etengabeko hazkundea bultzatuz. Nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritutako bizimodu tradizionala hirugarren sektoreak ordezkatu du gaur egun.

Udalerriko monumentu ondarea gizakiak Berangon Historiaurretik gaur egunera arte utzitako testigantza multzo anitzagatik nabarmentzen da. Historiaurreko arkitektura elementu estimagarriak ez ezik, Dorretxeak eta errotak edo harrobiak bezalako industriaurreko instalazioak ere eskaintzen ditu. Horrez gain, tenplu interesgarriak eta eraikin zibil aipagarriak biltzen ditu.

Elexalde multzoa udalerriaren txokorik interesgarriena da. Bere urbanizazioa joan den mendearen amaieran burutu zen Otxandategi familiaren legatuei esker, hori dela eta Simon de Otxandategiri monumentu-iturria eskaini zitzaion. Udaletxeak, eskolek, eliz parrokiak, Otxandategitarren etxebizitzak eta abadetxearen inguruak osatzen dute gune zabal eta lasai hau.

Berangoko Kultura Elkarteek jardunbide luzea dute gure eskualdean tradizio handia duten kultura eta jai ekitaldiak antolatzen. Horren adibide argiak ditugu Berangoko Pasio Biziaren antzezpena, Bizkaian gauez oso-osorik egiten den bakarra eta 250 lagunen partaidetza duena. Eta abuztuaren bigarren igandean ospatzen den “Bakailaoa pilpilean” lehiaketa gastronomiko ezaguna. Berangon Simon Otxandegi Dantza Taldea ere aurkitzen dugu, Euskal Herriko folklorearen aitzindarietako bat. Talde hau 1943an sortu zen eta ekitaldi eta emanaldi ugariren antolatzailea da.
Udaletxea
Udaletxea

Monumentu Ondarea

Goi paleolitikotik, duela 40.000 urtetik, gizakia Bilboko itsasadarretik Plentziara luzatzen den kostaldean bizi izan da. Kurtzioko historiaurreko aztarnategian aurkitutako sukarrizko lanabesek adierazten duten bezala.

Neolitikoan, artzain kulturaren hedapenarekin batera, biztanleria estalpeko asentamentuetan zabaltzen da eta hildakoak haitzulo eta trikuharrietan lurperatzeko ohitura orokor bihurtzen da. Garai honetakoa da Berango eta Sopelanaren arteko mugan aurkitzen den Mugarrikolanda mendilerroan gordetzen den monumentu megalitiko multzoa, seinaleztatutako ibilbide batean zehar ezagut ditzakegun bost tumulu eta trikuharri bat, hain zuzen ere.

Erdi Aroari dagokionez, Berangok Bandokideen Gerra garaiko liskar lazgarriak bizi izan zituen hurbiletik, batez ere XIII., XIV. eta XV. mendeetan zehar bertako leinuen artean, hau da, Ibargoendarren eta Butroitarren artean, gertatu zirenak. Erdi Aroan gutxienez bost gotorleku edo dorretxe aurkitzen ziren Berangon. Beraietako bik, Basagoitik eta Otxandategik, gaur egun zutik diraute, Berango-Uriate Dorreak, ordea, aztarna batzuk baino ez ditu gordetzen.

Otxandategi Dorrea XIII. mendean eraiki zen eta jatorrian Butroitarren Etxeari lotua egon zen. Gaur egun beranduago erantsi ziren eraikinez inguraturik dago. Hala ere, oraindik ere antzeman daiteke bere bolumen karratua eta bere soslai bertikala. Basagoiti Dorrea (XV. mendekoa) 9 metroko altuera duen eraikin kubikoa da eta apareju gotikoa duten inguruko hormak gordetzen ditu.

Gaur egungo bizileku-arkitekturak Berango-Uriarte Dorrearen aztarnak hartzen dituen Agirre Jauregian du eredu paregabea. 1921ean Manuel Smith arkitektoak egindako proiektua, eraikin neoeuskalduna da, bere portadan arkuz dotoretutako baserria erreproduzitzen duena. Dorrearen hormak eta beste elementu batzuk zerbitzurako gune bereizia eraikitzeko berrerabili ziren. Beste eraikin aipagarri batzuk dira lorategi ederrak dituen Ikaza Jauregi menditarra eta Sasiarte Etxe neoeuskalduna.
Eraikin erlijiosoei dagokienez, bi eraikin barroko aurkitzen ditugu Berangon. Batetik Guzmango Santo Domingo Eliza, San Lorenzo (XII. mendea) parrokiaren gainean XVIII. mendean eraiki zena. Aipatzekoa da barruan Otxandategi neba-arreben ohorez egin zen marmolezko mausoleoa, baina dorrea har dezakegu udalerriaren nortasun ezaugarritzat, gurutzeari eusteko duen linterna zorrotza nabarmenduz.

Eta bestetik, Santa Ana Baseliza: Barroko erako eraikina da eta elizpeak babesten duen fatxada irekia du. 1627an eraikitako baseliza ordezkatzen du. Uztailaren 26an ospatzen da bere jaia, meza, erromeria alaia eta guzti. Hilerria ere interes handikoa da, izan ere, eraikin berria bada ere, estilo neoklasizantearen eredu nabarmena da. Bere portada ikusgarria antzinako grekolatindar estilokoa da.

XIX. mendetik aurrera zerbitzu publiko eta azpiegituren garapena areagotzen da. Simon de Otxandategi arkitektoak egindako dohaintzak elizaren egungo dorrea eta antzinako eskolak (1886) eta Udaletxea hartzen dituen eraikin post-neoklasikoa eraikitzeko erabili ziren. Berangoko herriak bere ongilearen ohorean 1911n Otxandategiren monumentua jaso zuen Jose Mª Basterraren eskutik.

Udalerriaren ondarearen atal garrantzitsu bat oraindino ere zutik dirauten XVI. eta XIX. mende bitartean eraikitako baserriek osatzen dute. Arrizubiaga, Sustatxa, Lukategitxu, Lotxariena eta Madariaga eraikinetan (XVI. mendekoak), baserri zaharrenek duten egitura ikus daiteke, fatxadaren planoan ageriko zurtoinak baitituzte.

XVII. eta XVIII. mendeetan haritzezko zurtoin lodi batek eusten duen ataripe zabala hedatu zen baserrien aurreko fatxadan. Horren adibide apartak dira besteak beste, Intxaurraga, Urtxubi, Landeiaurre, Olagorta, Iturriaga eta Berangotxu. Berorietako batzuek apaintzeko elementuak dituzte, hala nola, Arrate Bekoa baserriaren zurezko tailak, Etxebarriren zutabeak edo Landaidaren 1690ko armarria.

Gobela ibaiaren bazterretan jasotako errotetatik bostek diraute zutik: Kukullaga, Itza, Errotatxu, Goiko Errota eta Poza (XVI. mendekoa). Kukullaga errotak harlanduko ateaitzin zilindrikoa du eta Poza errota estoldarako pasabide bezala dauden harlanduko hiru arkuren gainean dago.
Política de Privacidad  |  Terminos de Uso  |  Saresoft