Urdulizko udalerria haran zabal batean dago eta bere alboetan barreiaturik dauden baserriz zipriztindutako bi mendixka sistema. Landa giroko udalerri honetan Santa Maria parrokiak baino ez zituen biltzen hainbat eraikin antzina Elizatearen erdigune txikia osatuz. Beranduago, 60. hamarkadatik aurrera, Urdulizko hainbat aldek hiri baten antzeko hedapena ezagutu zuten. Udalerriaren garapenaren arrazoirik nagusienak bere kokapena aparta, itsasotik eta Nerbio ibaiaren eremu industrialetik hurbil baitago, eta industriak jartzeko nahi beste leku egotea izan ziren.
Gaur egun industria sektorean jarduten du Urdulizko biztanleriaren gehienak. Zerbitzu sektorea ere garatu da azken urte hauetan, udalerriaren bizitegi gunea ere asko zabaldu delako.
Nekazaritzak ere bizirik dirau ustiategi txiki anitzetan, labore tradizional eta baratzeko produktuekin lan eginez. Urdulizek landa ingurune tradizionaleko paisaia baliotsua gordetzen du ibilaldi eta ibilbide turistikoen bidez ezagut ditzakegun auzo ezberdinetan.
Itsasorako bide naturalean kokatua egoteak bere inguruko herriei baino garrantzi eta eragin handiagoa eman zion. Garai honen lekuko da Elizatearen jatorriko gunea, ingurune atseginean eta Andra Mari Elizaren ondoan eraikin aipagarriak biltzen dituena. Handik oso hurbil Santa Marina baseliza dago, eskualdeko begiratoki paregabea.
|
Monumentu Ondarea
Gaur egun jolas eremua den, baina antzinako ganadu azokarako erabiltzen zen zelaiaren inguruan Andra Mari Eliza, Torre Barri Jauregia eta Mentxakaena Jauregi Barrokoa biltzen dira. Baita interes handiko hainbat baserri ere, esaterako gaur egungo Kultur Etxea. Multzoaren kokapenari esker ingurunearen edertasuna eta lasaitasuna gorde ahal izan da, izan ere, biztanleriaren gehiengoa biltzen duen errepidetik urrun aurkitzen baita.
Andra Mari Eliza: XVI. mendeko Errenazimentuko parrokia, XVIII. mendean berreraikia izan zen bere berebiziko harlanduzko hormak berrerabiliz. Eraikuntzak nabe bat, hiru ganga, hiru aldare eta dorrea ditu. Bi sarbideetako zirkulu erdiko arkuak jatorrizko elizarenak dira.
Torre Barri: aurreko gotorleku baten gainean XVII. mendearen azken aldera eraikitako jauregi ederra. Eraikin sendoa da, kubikoa eta interes handiko hainbat elementu gordetzen ditu: erlaitza, eskailera, balkoiaren burdineria, leihoak eta Butroiko Etxebarriatarren armarria, besteak beste.
EZ EZAZU GAL… Santa Marina
Santa Marinako harkaitzen arteko ibilbide aldapatsua izen bereko baselizaraino heltzen da. XV. mendeko eraikin gotikoa da, oinplano irregularreko nabe bat dauka, bere hormetako batean haitz moztu eta landu bera erabiltzen duena. Presbiterioan harri bizian egindako harmailadi bat dago. Harlauza erraldoiz osatutako zoladura eta arku zorrotzeko sarbidea azpimarratzekoak dira
Baseliza Haitzen goialdean kokatzen da arrazoi estrategikoengatik, Urduliz eta Sopelaren arteko mugan dagoen leku aparta baita. Bertatik albo bietara zabaltzen diren haranak menderatzen dira eta hau, bere sorreraren garaian, bandokideen arteko gatazkaren erdian, oso erabilgarria izango zen. Oskarbi denean Lucerotik Villano lurmuturrerainoko ikuspegi ederrez gozatzeko aukera izango da. Eremua aparta da eskaladan aritzeko, horregatik naturan aritu nahi duten kirol zaleen artean oso ezaguna da. Uztailaren 20an erromeria alaia ospatzen da baselizaren inguruan eta bertan Urdulizko zein Sopelako auzokoak elkartzen dira.
|