 |
| Ander Deuna Baseliza |
Azken hamarkadetan etengabe hazi den udalerria, bizitzeko eta bisitatzeko erakargarria baita. Sopelanako kostaldean hiru hondartza eder tartekatzen dira itsaslabar ikusgarriekin, bisitari ugari erakartzen dituen paisaia paregabea eskainiz.
Horrez gain, udalerriak komunikazio bikainak ditu, kultura eskaintza zabala eta espazio edo berdegune asko ditu aisialdirako eta zenbait kirol aire zabalean egin ahal izateko, esaterako Urkoko Arboladia jolas eremua eta Fernando Ansoleaga Parkea.
Sopelanak, horrez gain, ondare interesgarria, garai ezberdinetako legatua, horren adibide dira Munarrikolanda eta Kurtzioko aztarna arkeologikoak, San Pedro Eliza errenazentista, San Andres baseliza eta herrigunean aurki daitezkeen gaur egungo eskultura multzoa.
Ingurunearen edertasunari udalerriaren azpiegitura apartak eta zerbitzu eta turismo ekipamenduak gehitu behar zaizkio. Sopelanako Turismo Bulegoan gure egonaldiaz ahalik eta gehien gozatzeko beste informazioa eman ahal izango digute.
|
|
| Sopelanako Ikuspegia |
Natura ingurunea
Ingurune aparta du Sopelanak, kirol mota guztietan jarduteko ezin hobea. Bainu garaian ez ezik urte osoan zehar ere asko dira Uribeko hondartzetara bere aisialdia bertan ematera hurbiltzen direnak. Honako hondartza hauek aurkituko ditugu mendebaldetik ekialdera goazela: Barinatxe hondartza, ur indartsuak eta espazio zabalak ditu, eta hondartza nudista da. Arrieta eta Atxabiribil, itsasbehera dagoenean bat egiten dute eta udalerriko hondartzarik jendetsuenak dira, oso zabalak izateaz gain, zerbitzu eta ekipamendu asko baititu. Meņakoz hondartza basatia itsasora zabalik dagoena, baina aldi berean haitzez osatutako barrera batek babesten du, urpean zein igerian aritzeko aparta.
Surfak eta bodyboard-ak ezagun egin dute Sopelana gure mugetatik kanpo, baina beste kirol mota batzuk gogoko badituzu, Sopelak beroriek probatu edo hobetzeko aukera zabala eskaintzen dizu.
Gure itsasertzeko itsaslabarren orientazio bereziari esker, turbulentziarik gabeko haize gozoa dabil, aire kirolez gozatzeko ezin hobea. Zenbait enpresa berezituk hondartzen gaineko hegaldi ahaztezina egiteko aukera eskaintzen digute, horretarako hegalaldi mota ezberdinak gure esku jarriz: biplazako hegalaldiak, parapentea, delta hegala edo paramotorra.
Santa Marinako Haitzak eta Barinatxeko itsaslabarrak eskalada maite dutenen gunerik gustukoenetako bat dira. Eskalada egiten hasi nahi dutenek Sopelanako Iturralde Parkeko rokodromoaz gain, bide zabalak eta hornitutako hormak dituzte kirol horretan jarduteko.
Sopelanako ingurune naturala oso egokia da bizikletaz eta mountain-bikez ibilbideak egiteko, kirol hauetarako egokitutako pista eta bideak ugariak baitira. Era berean, udalerri osoan zehar zailtasun maila ezberdin dituen seinaleztatutako eta kontrolatutako errepide-zirkuituak aurkituko ditugu.
Duela hamarkada gutxira arte Sopelana baserrian oinarritutako ekonomia zuen landa gunea zen. Oraindik gordetzen dira landazabal atlantikoaren paisaia tipikoak, hala nola Santa Marinako harkaitzak eta arte zein haritz basoaren orbanak. Sopelanako Turismo Bulegoak proposatzen dituen oinez egiteko ibilbideetan udalerriaren landa gune batzuk ezagutuko ditugu hainbat ikuspegitatik.
Surfa Sopelanako estandarteetariko bat bilakatu da. Urtero-urtero kirol honen milaka zaletu eta jarraitzaile hurbiltzen dira gure udalerrira, urtean zehar agertzen diren olatu pikodun eta urautsiek erakarrita. Horrez gain, Sopelanak Euskal Herrian surfean jarduteko aurki daitezkeen azpiegiturarik onenen jabe da, hori dela eta nazioarteko lehiaketa ugariren agertokia da, baita kirol honen inguruan gertakizun eta jarduera ugari antolatzen dituzten sei surf klub eta eskolen egoitza ere.
Monumentu Ondarea
Sopelana lehen gizakiek aukeratu zuten kokaleku. Bere itsasertzean Kurtzio asentamentu arkeologikoaren parte bat dago, bertan duela 35.000 urteko gizonaren berri aurkitu delarik. Mugarrikolandako trikuharri estazioan 1964-981 bitarteko hainbat kanpainatan aurkitutako zazpi monumentu megalitiko hartzen ditu, behar bezala seinaleztaturik topatuko ditugunak
Sopelanako monumentu ondareak interes artistiko eta monumentala duten hainbat eliza zein baseliza eta herrigunean aurkitzen diren gaur egungo eskulturak biltzen ditu. Udalerriaren erdian San Pedro Eliz Parrokia aurkitzen da, bere jatorrizko kokalekutik bertara ekarri zutena. Ingurune honetan egindako arkeologia-indusketetan hainbat txanpon eta zeramika erromatarraren zatiak aurkitu ziren. Egungo eraikina 1520. urtekoa bada ere, hainbat zaharberritze izan zituen XVIII. eta XIX. mendeetan, esaterako Sopelanako Dorre ospetsuaren gainean eraiki zen egungo dorre barrokoa.
San Andres baseliza: Baseliza gotiko hau Meņakotz senadi naturalerako bidearen ondoan dagoen garaiera batean dago kokatuta. Bere sarrera XVI. mendekoa da, hala ere, harrizko gurutze batez errematatutako kanpai-horma XVIII. mendean burutu zen zaharberritze lanetatik dator, bere ganga ederra ere garai hartakoa da.
San Andres historikoki arrantzaleen eta itsas lagunen otoitz eta erregute gunea izan da. Horren adierazle da tenpluaren barrualdeko itsas kutsua, zintzilikatutako itsasontzi eta beirate alaiez apaindurik dagoena. Antzinako ohiturari jarraituz gaur egun ere San Andres jaietan (azaroaren 30ean) bertaraino igotzen da prozesioan San Pedro Elizatik, ondoren jai eta erromeria tradizionala ospatzen da. Sopelana eta Urduliz bereizten dituzten Santa Marina haitzetan izen bereko baseliza aurkitzen da. Ugeraga auzoan kokatutako Karmengo Andra Mari Kapera modernoak biribiltzen du udalerriaren ondare erlijiosoa.
|