Sondika Elizatea Asua ibaiak osatutako lautada hezetik Artxandako gailurretaraino hedatzen da eta Txorierri Haranaren parte, Nerbioi-Ibaizabal Haranaren mugakidea. Bilboko hiribildutik hurbil egoteak eragina handia izan du gure udalerriaren historian, izan ere hiriburuaren ekonomia sarearekin antzinatik izan du lotura estua.
Urteetan zehar Sondika landa izaerako udalerria izan da. Hala ere, bizimodu honek aldaketa handia jaso zuen berrogeigarren hamarkadatik aurrera, orduantxe hasi baitzen Bilbo Handia Eskualdearen hazkunde industrial indartsua. Sondika, Txorierri Haraneko gainontzeko udalerriak bezala, hazkunde ekonomikoaren eremu bihurtu zen baita hurbileko hiri inguruneko bizitegi gune ere.
Sondikako egungo herrigunea San Juan, Goiri eta Lehendakari Agirre guneen inguruan egituratzen da. Eremu modernoa da eta hirigintza garapen handia jasan du azken urteetan alde berrien urbanizazioa ahalbidetuz. Gorondagane zelaiaren inguruan, eta berdegune ugariz inguraturik, udal zerbitzu eta ekipamendu gehienak biltzen dira. Udalerriaren industria jarduera Berreteaga eta Sangroniz industrialdeetan kokatzen da.
Gaur egun Sondikako biztanleria eta ekonomia-hazkundea handia da, industrialdeak sortzeaz gain, bizitegi-gune berriak eraiki baitira.
Herrigunean kokatzen den Larrabarrena Parkea, ekipamendu oso batez (jolas lekuak, “pic-nic”) hornitutako berdegune zabala da. Sondikako beste jolas eremu handia Artxandan aurkitzen da. Bere kokapena eta baliabide anitzei esker inguruko herriguneetako birika da. Ingurune honetan San Roke baseliza dago, ikuspegi zabalak eskaintzen dituen paraje ederrean kokatutako tradizio handiko tenplua. Bertan ere Artxandako Aixerrota aurkitzen da, Bizkaian geratzen diren bakanen artean aitzindaria eta Artxandako Batailaren lekukoa, Gerra Zibilean Bizkaian gertatutako batailarik erabakigarriena, hain zuzen ere.
Udalerriko auzoek larrez eta soroz zipriztindutako landa paisaia gordetzen dute oraindik ere. Ingurunean zehar ibiltzea merezi du, baserri interesgarriak dituen Izartza bezalako lekuak ezagutu, edo Sangronizko zubi txikia. Azken honetan Asuako Portu komertziala egon zen eta mareen eragina antzematen da. Inguru hurbilean dauden hainbat jatetxek eguna mahai on baten inguruan burutzeko aukera emango digute.
|
Monumentu Ondarea
Bere azalera laua eta komunikazio onak erabakigarriak izan ziren Sondika Aireportuaren egoitza aukeratzeko. 1948. urtean ireki zuten eta 2000.ean zabaldu eta orientazio berria eman zioten. Aireportua Sondika eta Loiuko lurretan dago, azpiegitura modernoa da eta bere terminala Santiago Calatravaren sinadura daraman elementurik adierazgarriena.
Aireportuaren eraikuntzak espazioen eta lurraren erabileraren erabateko aldaketa ekarri zuen, Elizatearen herrigunearen eta monumentu ondarearen zein historikoaren parte handia eraitsiz. Desagertutako eraikinen artean besteak beste, Uribeko Etxeak, izen bereko Merindadearen egoitza eta 32 elizate hartzen zituena; San Mames edo Santimati baseliza eta San Juan Bateatzaile Eliz Parrokia aurkitzen ziren. Gaur egun Bilboko Museo Arkeologikoan elizaren ate nagusia eta kapitel erromaniko interesgarri batzuk gordetzen dira.
Hala eta guztiz ere, eta nahiz eta historia gorabeheratsua izan, Sondikako auzo ezberdinetako antzinako baselizak gure egunetara heldu dira. Goiriko Santa Kruz baseliza gaur egun erdigunean dago. Izartzako San Martin eta Artxandako San Roke baselizek estilo herrikoia dute eta paraje ederretan aurkitzen dira.
Antzina itsasaldien eragina Sangronizko zubiraino heltzen zen, Somorrostroko mineral zainaz betetako itsasontzi txikien sarrera ahalbidetuz. Minerala burdina bihurtzen zuten antzinako burdinolen oinordekoak diren industria anitzek inguratzen dute gaur egun zubi txiki hau, iraganeko garaien lekukoa, portu komertziala Asuako Dorrearen alboan zegoeneko garaiena, hain zuzen.
Sondikak balio etnografiko nabarmena duen baserri multzo interesgarria gordetzen du, beraietako askok jasandako eraldatzeak gorabehera. Sangronizen aurkitzen den Torretxu baserria ziur asko leinu honen dorrea izan zen. Altuera galdu badu ere, oraindik ere bereiz daitezke bere hormen harlanduaren kalitatea, arku zorrotz ederra eta zenbait gezileiho. Izartzako Kaminoa, Beinkeko Boskotxe eta Sangronizko Enekone dira XVI. eta XVII. mendeetako eredu nabarmengarriak. Ondorengo mendean Izartzan dagoen Urkiaga Jauregia nabarmentzen da.
Arkitektura zibilari dagokionez, badaude hainbat eraikin interesgarri, hala nola Batzokia, kutsu barrokoak dituen XVIII. mendeko jauregitxoa, eta antzinako Udaletxe neobarrokoa.
Sondikako ondarearen elementurik bereziena Artxandako Aixerrota da zalantzarik gabe. 1725ean eraikia, aitzindaria izan zen Bizkaian mota honetako errota urrietan. Izan ere gainerakoak bere ereduari jarraituz eraiki ziren XVIII. mendearen hasieran, Bizkaia lehorte gogorrak astindu zuen garaian. Honen ondorioz, gainera, ur errota tradizionalak bertan behera utzi ziren. Gerra Zibilean Aixerrota Artxandako Batailaren eta Bilboko setioaren lekukoa izan zen eta kalte handiak jasan zituen. Gaur egun zutik dirau eta bere paregabeko kokapenari esker probintziako leku askotatik ikus daiteke.
|