Itsas hiribildu erakargarria eta bizitegi gunea, Butroi ibaiaren azken meandroan dago kokatuta, bere bokalera heldu aurretik eta bere mugak bat datoz izen bereko itsasadarraren ibilguarekin.
Erdiguneari dagokionez, aski bereiztutako hiru eremu ditu: Alde Historikoa edo Hiribilduaren jatorrizko gunea, monumentu ondarea biltzen duena. Txipio eta Zabalgunea Plentziako itsasadarraren inguruko hirigintza-garapenaren ondorioz sortutako eraikinak, portua eta bertako hondartzan biltzen dituena.
Plentziako alde zaharra udalerriaren alderik garaienean dago eta bere Erdi Aroko egituraren parte handia eta leku historikoen xarma gordetzen ditu. Bere kale estuen arteko ibilaldiak eraikin adierazgarriak ezagutzeko aukera eskainiko digu: Madalengo Andra Mari Eliza, bere antzinako itsas etxeak eta XIX. mendeko burgesiak eraikitako jauregitxoak. “Torreon” izeneko eraikin bikaina, gaur egun bere baitan Butroiko Plazentia Udal Museoa hartzen duena.
Atsegina da udalerria zeharkatzen duen ibilbidea egitea, paisaia eta ekologia aldetik balio handia duen Txipioko paduratik irten eta ontziola zaharrak biltzen zituen Zabalgunetik jarraitzen du. Itsasadarraren bukaeran portua dago, itsas-portua eta arrantza-portua aldi berean, tabernez eta terrazez inguratua. Ibilbidea Plentziako hondartza ederrean amaitzen da.
Plentziako Turismo Bulegoak udalerrian urtean zehar aurki daitekeen kirol, kultura eta gastronomia eskaintza zabalaren berri emango dio bisitariari.
|
Monumentu Ondarea
Butroiko Plazentiaren Hiribildua 1214 eta 1236 urte bitartean sortu zen Butroi Itsasadarraren azken meandroaren gaineko barrendegi estrategiko batean. Bere kokapen aparta eta ontzigintzaren garapenari esker bere portua Kantauriko garrantzitsuenetako bat bilakatu zen.
“Plazenzia” zaharra antzinatik ibili zen tratu, kontratu eta nabigazioetan murgildurik. 1524an lehen ordenantzak sortu ziren eta itsasgizonak San Pedro Jaunaren Marinelen Kofradian elkartu ziren. Beronek kostaldean zuen jurisdikzioa oso zabala zen, hala ere arrantzaren jarduerak ez zuen garapen handirik lortu udalerrian, ubidean eta itsasadarrean zehar nabigatzeko zailtasunak zirela medio.
Dena dela ontzigintzaren arloan eta itsasoarekin lotutako lanetan jarduteagatik nabarmendu zen Plentzia. Gaur egungo plazan eta Zugaitzeko ibilbidearen erriberan ontziolak zeuden, bere garairik distiratsuena XVI. mendean izan zelarik. XVIII. mendean ontzigintzako maisuek 280 tonarainoko itsasontziak eraiki zituzten.
XIX mendean, lurrun-itsasontzia agertzearen ondorioz, ontzigintzaren jarduera urritzen doa, arotzak desagertzen dira eta itsas jendearen kopurua handitzen da. Nautika Eskolaren sortzearekin batera (1865) bertako askok itsasoz bestaldeko bidaiei ekin zieten eta beste askok Ameriketara alde egin zuten.
1893an trenbidea helduko da eta horrek Hiribildua Bilbo Handira zabaldu ez ezik turismoa ere erakarri zuen. Komunikazio onak hondartzaz eta itsasoaz gozatzeko irrikan zeuden lehenengo udatiarren etorrera eragin zuen. Gau egun ere asko dira Plentziara hurbiltzen direnak, orain metroz, bere hondartzak erakarrita. Plentzia gaur egun zerbitzuen sektorean kontzentratutako bizitegi-eremu erakargarria bihurtu da
Monumentu Ondarea
PLENTZIAKO ALDE HISTORIKOAREN MULTZOA:
Plentziako Alde Historikoak bere jatorrizko Erdi Aroko egitura gordetzen du, hiru kale zituen: Barrenkale, Artekale eta Goienkale, hirurak itsasadarrekiko paralelo eta bi kantoik zeharkatuta. Behealdean itsasadarra eta goian Plentziako eraikinik aipagarrienak biltzen dituen enparantza laua: Santa Maria Magdalena Eliza, Butroetarren antzinako Dorrea eta Santiagoko Arkua, harresi zaharraren aztarna bakarra.
Santiagoko Arkua: Portaleta kalearen irteeran dauden bi eraikinen arteko arku xume hau, Gaminizetik Gorlizera joateko antzinako bidea, balio historiko handiko elementua da, zeren hiribildua ixten zuen harresitik agerian geratzen den aztarna bakarra baita.
Kristo Santuaren Baseliza: Gaur egun oso eraldatuta dagoen baseliza santutxoa izan zen jatorrian. Hiribilduaren sarbide nagusienetako batean zegoen eta bertatik abiatzen zen Mungia eta Bermeora Errege Bidea.
Antzinako Udaletxearen Eraikina: “Torrreón” izeneko eraikina udalerriaren elementurik zaharrena eta adierazgarriena da. Bere harlanduzko egitura bikaina, zirkulu erdiko arkua duen sarbidea eta beronen gaineko burdin hesiko balkoia dira nabarmentzen diren elementuak. Gotikotik Errenazimentura doan trantsizioaren arkitekturaren estiloan kokatuta, XVI. mendean egin zen (1562). 1922ra arte Udaletxea izan zenez, Hiribilduko armarria eta Errege Katolikoen armarria ditu bere aurrealdean. Bere historian zehar nabigazio eta ontzigintzarekin lotuta egon da, ez da harritzekoa, beraz, gaur egun Butroeko Plazentia Udal Museoaren egoitza izatea.
Madalengo Andra Mari Eliza: Guztiz bikaina den tenplu hau lautada estrategiko batean kokatuta dago eta bertatik muinoa menderatzen du. XV. mendean estilo gotikoan eraikia, hiru nabeko oinplanoa dauka eta egurrezko armadura batek estaltzen du. Oinean kanpai dorre, zaintzarako talaia eta ibai zein portu gaineko itsasargia izan den Dorre-arkupea.
Barruan alabastrozko bost panel azpimarratu behar dira, alegia, Pasioaren Poliptikoa osatzen duten bost panelak, 1440 eta 1480 urte bitartekoak eta Nottinghamgo tailerretatik etorri zirenak. Estatuan ondoen gordetako multzoetako bat osatzen dute.
Torrebarri: Butroeko Jaunek, eskualdeko leinurik nagusienak, izaera militarreko Dorretxe bat eraiki zuten hiribilduan. 1603an berritua izan zen eta egun mirets dezakegun armarria jarri zen. Gaurko eraikina Dorrea etxebizitza izateko jasan zuen eraldaketaren emaitza da, baina zenbait estilo eta dekorazio-elementu mantenduz.
Muxika- Butroe leinuaren armarri ederrak euskaraz grabaturiko inskripzio bat du, 1603 urtekoa da eta seguruenik euskaraz gorde den testu epigrafikorik zaharrena: "Música Areriocaz Agica/Butroe celangoada Oroç/Daquie Garaia NaGo/ Eria Gordeago".
Goñi Portal Baserria: Plentziako Kultur etxea arkitektura herrikoiaren bereizgarriak diren hainbat elementu gordetzen duen baserri bikaina da. Gaur egun herrigunean aurkitzen dugu landa izaerako eraikin hau hiribilduaren harresietatik kanpo zegoen jatorrian.
PLENTZIAKO ERRIBERA ETA ZABALGUNEA
Metro Geltokitik itsasora hurbiltzen gaituen ibilbide atsegina abiatzen da. Zugaitz bideari jarraituz itsasadarraren erriberan zehar ibiliko gara. Historikoki ontzigintzarako erabili ziren lur hauek padurari irabazi zitzaizkion etxebizitzak eta enparantza handi bat eraikitzeko, azken honetan beranduago Udaletxea altxatu zelarik. Astillero enparantza eta Plentziako portuaren artean ibaiaren ibilguari irabazitako lurzoru laua zabaltzen da eta bertan kalitate handiko hainbat etxebizitza eta txalet mireTs ditzakegu. Garai hartan portua itsasadarretik Butroe ibaiaren bokaleraino mugitu zen eta gaur egun kirol jardueretarako erabiltzen da batik bat. 20. hamarkadan hiribilduaren zabalkuntzarekin jarraituz, hondartza aurrean, portuaren eta Plentziako Erietxearen artean, zeuden hareatzak urbanizatu ziren. Garai batean itsasotik zetozen erasoaldiez itsasadarra eta portua babesten zituen gotorleku armatuetako bat zegoen. Hemendik badia osoaren aurrez-aurreko ikuspegi zabalaz goza dezakegu
Gazteluondo Parkea itsasadarraren eskuinaldean zabaltzen da padurari irabazitako lurretan. Hainbat panelek Txipio aldeko oparotasun ekologikoaren berri ematen digute, izan ere atsedenerako eta elikatzeko gune garrantzitsua da hegaztientzat. Gure ibilbidean Gazteluondoko Marea Errotaren kokapena gogorarazten digun instalazioa ikusteko geldiune bat egitea merezi du. 1506koa da marea errota honen lehenengo berri idatzia.
Marea errotek itsas energia erabiltzen zuten ehoketa egiteko. Horretarako harresi bat eraikitzen zen estuarioaren barruan. Honi esker urtegia (antepara) bete zitekeen itsasgora zenean uhate batzuen bidez. Urtegia beteta zegoenean, uhateak ixten ziren eta ehoketa egiteko itsasbeheraren zain geratu.
Gazteluondo ezohiko errota zen, zeren harri pare bi erabili ordez, bost parerekin egiten baitzuen lan. Ingurunean harri zahar horietako batzuk ikus ditzakegu. 1960ra arte jardun zuen lanean paduraren funtsezko elementu gisa gizakiaren eta ingurunearen arteko harremana estuago zen garaian.
|