Mungiak kokapen geografiko paregabea du, itsasertzetik hurbil dagoen ibar epel batean. Bertan espazio zabal handiak muino leun eta ur lasterrekin tartekatzen dira, honek guztiak bere ingurune naturala eta bizimodua mugatu dituelarik. Udalerriaren aberastasun iturririk nagusiena mendeetan zehar baserriari eta landa giroari lotutako nekazaritza tradizionala izan zen.
Mungiako Hiribildua 1376an sortu zen izen bereko Elizatean. Mungia Erdi Aroan eskualdeko leinu garrantzitsuen arteko liskar ugariren lekukoa izan zen. Garai horretako ondare historiko garrantzitsua gordetzen da, hala nola Euskal Herriko erromanikoaren eredurik onenetarikoa den Zumetzagako San Migel baseliza eta jatorri erromanikoa duen San Pedro Eliza gotiko bikaina. Azken honen ondoan Billela Dorrea, jasan dituen aldaketak gorabehera Erdi Aroko Dorreen ingerada gordetzen duena.
Mungiako Monumentu Ondarearen Altxorra, ezinbestez bisita behar dena, Landetxo Goikoa baserria da. XVI. mendearen hasieran eraikia Euskal Herriko baserririk zaharrena da eta Kultura Ondasun gisa sailkatuta dago monumentu kategoriarekin. Landetxo Goikoa Euskal Herriko lehen parke mitologikoaren egoitza da: Olentzeroren Baserria – Izenaduba Basoa. Era berean udalerriaren landa auzoek ondare monumental, etnografiko eta paisajistiko zabala hartzen dute, ibilbide ezberdinetan zehar ezagut ditzakegun baserri ugari, elizak, baselizak eta errotak,hain zuzen.
Gaur egun Mungiak bizitza komertzial zein sozial handia du eta etengabe hazten ari den biztanleria, industria eta zerbitzu sektoreetan jarduten duena. Hala ere, eskualdeko nekazaritza tradizioak bizirik dirau, horren adierazle dira bere kalitate handiko produktuak eta urtean zehar udalerrian ospatzen diren nezakaritza eta abeltzaintza azoka anitzak.
Gure udalerriak kalitatezko etorkizuna eta bizimodua eskaini nahi die bere bizilagunei. Horren adibide aparta dugu Bizkaiko udalerri aitzindaria dela Slow Food mugimenduaren barruan, erakunde honen kezka behinena nekazaritzako bioaniztasuna zaintzea, desagertzear dauden tradiziozko elikagaiak babestea eta kontsumitzaile eta kalitateko ekoizleen arteko harreman zuzena bultzatzea delarik.
Kultura, jolas, kirol eta aisi jarduerek ere beren lekua dute udalerrian urte osoan zehar, udalerrian sustraitutako elkarteek eta herri ekimenak horren alde lan egiten dutelarik. Mungiako ekitaldi eta ikuskizunik garrantzitsuenak San Antontxu eta San Pedro jaietan biltzen dira.
|
Historia
Mungiako Hiribildua 1376an sortu zen izen bereko Elizatearen lurretan. Inguruko biztanleak garai hartako bandokideen eraso ugariez babesteko beharrak bultzatuta sortu zen hiribildua. Mungian bizi izan ziren borrokak oso bortitzak izan ziren, izan ere bi leinu nabarmenek baitzituzten bertan beren dorretxeak, batetik ganboatarren aldeko Billelatarrek eta bestetik, Oinaz bandoaren buru ziren Butroitarrek. Beraz, sarritan gertatu ziren euren arteko borrokak.
Hiribildua eta Elizatea aparteko entitateak izan ziren (izen bera erabili arren) 1900. urtera arte, orduantxe elkartu baitziren udalerri bakarra osatuz. Beko Kalean dagoen iturriak batasun hau irudikatzen du “Biak bat eta biena” lemapean.
60. hamarkadan hasi zen industrializazio prozesuak herrigunearen zabalkuntza eragin zuen, biztanleriaren kopurua nabarmen hazi baitzen. Ordutik Mungiako biztanleriak etengabeko hazkundea izan du.
Azpiegitura nahiz komunikazioen modernizazioak eta udalerriaren industrialdeen garapenak industria eta zerbitzu sektoreak sustatu dituzte azken hamarkadetan.
Natura Ondarea
Gure paisaia eratzen duen elementurik nagusiena Butroi ibaia da. Ibaiak Mungian zabaldu eta pausatzen du bere ibilgua, historian zehar udalerriaren nekazaritza eta abeltzaintzako aberastasun nagusia izan den ibar emankorra osatuz. Butroi ibaiaren ibaiadarrak diren errekatxo ugarik gure aldeko iturri eta iturburuak elikatzen dituzte.
Ibaiaren erriberetan landare espezie anitzek babesa eta jatekoa ematen diote fauna askotarikoari, oso mehatxaturik dauden hainbat espezien babeslekua delarik, esaterako bisoi europarrarena. Ingurunean larreak baserriekin eta bertako basoaren orban txikiekin tartekatzen dituen landa atlantikoaren paisaia tipikoa du. Horren adibide da Morterondo, ondo baino hobeto gordetzen den gune berezia. Bestalde mendian baso ustiapen ugari daude.
Butroi ibaiaren uren indarra Mungian garrantzi handia izan zuen errota jardueran erabiltzen zen. Alde zaharrean Torrebillelako antzinako errotaren eraikina gaur egun hiri-parke bikain bezala egokitutako ibaiaren meandro handi baten ondoan dago. Uriguen Parkea ere gure natura aberastasun nagusietako bat da bere arbola berezi eta bikainak direla eta, beraietako batzuk ehun urtetik gorako arbolak baitira.
Azken urteetan gure ingurunearen ezagutza eta gozamen iraunkorra suspertzeko hainbat jarduerari ekin zaio, hala nola ingurumenarekiko hezkuntza eta Agenda 21 bezalako ekimenetan herritarren parte hartzea.
Monumentu Ondarea
Mungiako monumentu ondare erlijiosoa elementu batzuen antzinatasunagatik eta ia estilo artistiko guztiak biltzen dituzten eraikin adierazgarriengatik nabarmentzen da. Gure eraikin erlijioso gehiengo handia Erdi Arokoa da, urteen joan-etorriaz aldaketa eta zaharberritze ugari jasan badituzte ere.
Mungiak harro egon behar du bi tenplu erromaniko eta aztarna mozarabiarrak dituzten baseliza bakanetako bat baititu. San Pedro Eliza erromanikoaren azken eraikinak hainbat lan eta estilo aldaketa jasan ditu, Zumetzagako San Migel baseliza xumeak, ordea, XII. mendeko jatorrizko oinplanoa ia osorik gorde du, Bizkaiko ondarearen altxor nagusietako bat bihurtuz.
Bi eliz parrokia elkarrekin bizi izan ziren mendeetan zehar Mungiaren herrigunean, Elizatearen parrokia Andra Mari zen, seguruenik hiribilduaren sorreraren aurrekoa dena. Gaur egun herriko enparantza bilakatu da, bere fatxada barrokoa eta hormen abiaguneak mantenduz. Larrauriko Andra Mari (XVI. m.) eta Laukariz Santiago (XVII. m.) tenpluek biribiltzen dute udalerriaren parrokia multzoa. Horrez gain, baseliza ugari, batzar eta debozio leku garrantzitsuak gordetzen dira landa auzoetan.
Ondare zibilari dagokionez, Torrebillelako Jauregia da eraikinik zaharrena eta gaur egun duen itxura neogotikoa bada ere, jatorrian Erdi Aroko dorretxea izan zen. Hiribilduaren erdigunea osatu zuten Erdi Aroko eraikinak desagertu badira ere, herriguneak eraikin interesgarriak gordetzen ditu, esaterako Gamiz Bidea, 1 (neoklasikoa) Agirre Jauregia ( XVIII. mendeko eraikin ekleptikoa), Udaletxearen eraikina (1927koa, neokantauriarra) eta Alkartasun Iturria (XIX. m.) edo Lauaxetari eskainitako estatua bezalako elementuak.
Natura Ondarea
Landa auzoek udalerriaren %80 baino gehiago osatzen dute. Elizatea bezain zaharrak diren auzoek berezko izaera dute, zaindaria, baseliza, auzoko jaiak eta guzti.
Mungiako auzoak honako hauek dira: Larrauri, Emerando, Markaida, Billela (Birle), Atxuri, Laukariz (Zabalondo, Berreaga Mendi, Basozabal, Maurola eta Elgezabal auzoak hartzen dituena), Trobika, Larrabizker eta Belako (Llona, Atela eta Iturbaltzaga auzoez osatua)
Mungiako auzoetako bizilagunek udalerriaren paisaia eta landa ondareaz gain, bere ondare etnografiko nahiz monumental handia eta baserri multzo nabarmengarria gordetzen dituzte. Kalitate bikaineko ereduak aurkituko ditugu, berorietako batzuk paregabeak direlarik. Horren adibide argia da Landetxo Goikoa, XVI. mendearen hasieran eraikia Euskal Herriko baserririk zaharrena da eta Kultura Ondasun gisa sailkatuta dago monumentu kategoriarekin. Landetxo Goikoa Euskal Herriko lehen parke mitologikoaren egoitza da: Olentzeroren Baserria – Izenaduba Basoa. Bertan Olentzeroren mundu magikoa erakusten digute, ikus-entzutezko baliabideak, erakusketak eta jarduera interaktiboak dituen instalazio berritzaile batean.
Udalerriaren elementurik azpimarragarrienak ere landa guneetan aurkitzen dira, hala nola Emerandoko Santela baselizako Kristo aurreko hilarria, antzinako bainuetxearen eraikina eta Larrauriko txalet multzoa, Zumetzagako San Migel baseliza erromanikoa, Atelako San Anton baselizaren leiho mozarabiarra eta Billelako zubi erromanikoa.
|