10/10/2008     es | eu | en
Historia
Aisia
Ostatuak
Jatetxeak
Hondartzak
Jaiak
Loturak
MEÑAKAKO HISTORIA
Meñakako udalerria osatzen duten lurrak Sollube mendiaren magaletan zabaltzen dira Butroi ibairen arroan elkartzen diren bi haran osatuz. Lur oparo eta emankor hauetan antzina-antzinatik bizi izan zen gizona. Iragan aberats honen lekuko dira bertan aurkitutako aztarna arkeologiko anitzak.

Lurralde honen lehen gobernua Elizatea izan zen, igandeko meza zela eta, auzokoen arazoez aritzeko bilera. Maila txikiagoan auzoa edo kofradia sortzen da, baserri gune batez osatutako oinarrizko elkartea. Auzo hauen izaera nabarmenak, berezko antolamendu, gizarte eta ekonomía ereduekin batera, aldaketa handirik gabe iraun du denboran zehar gaur egunera arte.

Landa izaera erabat errotuta dago Meñakan. Nekazaritza, abeltzaintza eta basoko jarduerek duela gutxira arte mugatu dute bizitza ekonomikoa eta soziala baserritarraren inguruan. Burdinola eta errotak izan dira Meñakako “industria” jarduera bakarrak, lehenengoak lehenengo Gerra Karlistara arte jardun zuen lanean; errotei dagokienez, Meñakan zeuden bostetatik lauk gorde dituzte beren instalazioak, Mendikoerrotak, Beletaerrotak, Erotabarrik eta Jauregikoerrotak (Sikune) hain zuzen.

Bestalde udalerri txiki honek ondare arkitektoniko interesgarria du, kalitate handiko baserri ugari eta probintziako landa jauregi onenetarikotzat jotzen den Otuna Jauregi bikaina nabarmentzen dira. Horrez gain, Meñakak eliz parrokia eta balio artistikoa eta antzinako sorrera dituzten hiru baseliza azpimarragarri biltzen ditu. Baselizetan aurkitutako Kristo aurreko hilarri multzoa, “Mesterikako Dama” ospetsua barne, Bizkaiko interesgarrienetako bat da.

Monumentu Ondarea



Udalerriaren ondare arkitektoniko garrantzitsuena etnografikoa da. Meñakan XVI. eta XIX. mende bitartean estilo ezberdinetan eraikitako kalitateko baserri multzo nabarmena aurkitzen da: egurrezko egitura duen Domike baserria, ataripe dintelatua duten Mantzorri, Txarbadi, Bidezubieta, Otunatxu baserriak eta ataripe arkuduna duen Etxebarri baserria. Hainbat baserritan, gainera, altxor arkitektoniko txikiak gordetzen dira, esaterako Otunatxuko bataiarri gurutzedun txikia eta Jauregikoerrotako ataripeko hilobi lauza ederrak inskripzioz eta zirkulu-formako motiboz hornitua.

Andra Mari Eliza: Eskualdeko elizarik interesgarrienetako bat da, guztiz errenazentista (XVIII. m.), arku beheratu ederreko portada du albo batean, pilastraz eta blasoiz apaindua. Elizak nabe angeluzuzena du kapera nagusi karratuan bukatua. Oinplano laukizuzen berezia duen dorrea beranduago eraiki zen, 1760an.

Elizaren alboan hainbat landa etxe aurkitzen dira: egurrezko bilbadura ederra eta sarbidean harriko eskailera dituen Goikoabadena eta Bekoabadena, gaur egun Landa etxea eta Giza Zentroa dena.

Emerandoko Santa Helena - Santela: Landa inguru ederrean dago, Emerando auzoaren erdian. Aldare lanak egiten dituen hilarri diskoidal garrantzitsua hormetako batean sartuta zegoen.

Meñakabarrenako Andra Mari Eliza - Anda Mari: Iturrizaren arabera antzina Meñakako oinetxearen parrokia zen, horren lekuko dira inguruan aurkitutako hilarriak eta berorietan “topatu ziren antzinako erara jantzitako gorpuak”. Bertako tradizioaren arabera udalerriaren jatorrizko eliz parrokia da.

Mesterikako San Lorenzo. San Lontzo edo Santillandi. Antzinatasun handiko baseliza herrikoia. Bere inguruan egindako ikerketa arkeologikoetan garai ezberdinetako material ugari aurkitu dira, Mesterikako Damaren aurkikuntza nabarmentzen delarik, hilarri oso bat eta hainbat zati.

Ondare zibila - Otuna Jauregia: 1626an eraikitako etxebizitza bikaina, estiloaren aldetik zeharo aristokratikoa, egokiagoa hiri-girorako landa-girorako baino, seguruenik elementu arrotzatzat joko zuten bere eraikuntzaren hasieratik. Luxua eraikinaren fatxada nagusian antzematen da, bere zutabe-atxikiek, kiribildurek, frisoek eta hiruki-formako frontoiak kutsu sakratuak dauzkate, eliza baten portadaren antzera. Bere neurriagatik eta erabilitako materialengatik Bizkaiko landa-jauregi onenetarikoa dela esan daiteke. Gaur egun Otuna Jauregia MONUMENTU multzoaren kategoriarekin Kultura Ondasun bezala jasotzeko prozesua hasita dago

Ez ezazu gal…. Meñakako kristautasunaren aurreko hilarri multzoa.



Udalerriko baselizetan biltzen den hilarri multzoa Bizkaiko interesgarrienetako bat da, izan ere, bertan aztarna gehien aurkitzeaz gain, jatorri indoeuropearreko laginak aurkitu baitira. K.a.I-K.o.I mende bitarteko disko itxurako hilarri handiak dira, motibo astralak eta gurutze formakoak uztartzen dituztenak. Bizkaiko erdialdean bizi ziren bertako bizilagunen aztarna bakarra dira.

Egindako aurkikuntzarik aipagarriena ere, Mesterikako Dama, alegia, kristau aroaren aurreko garai honetakoa omen da. Hareharrizko buru bat da, baina aurpegiera ez dago oso landua: hiruki-formako sudurra, bi ebakidura sakon begietarako eta aho markatu samarra. Buruaren atzealdean txirikorda bat irudikatu nahi duen lerro bikoitza du.

Estilo geometriko honek ez dio eredu iberiarrari jarraitzen, aitzitik penintsularen iparraldean aurkitu diren giza buru zeltiarren antzekoak dira. Bere interpretazioa oso eztabaidatua izan da, hilobi bati lotua egon zitekeen, babesle funtzioa edo erlijiosoa izan zezakeen edo gerra trofeoa izan. Mesterikako San Lorenzo baselizako hormetan berrerabili zen 1982an bere zaharberritzea egin arte. Gaur egun Bilboko Museo Arkeologiko eta Etnografikoaren altxorretako bat da, Bizkaiko arkeologiari dagokionez lagin guztiz bikaina baita.

Emerandoko Santa Helenaren baselizako aldarea eusten duen hilarri diskoidal handia hiru koroa zirkularrez apaindurik dago albo bietan, era berean berorietako bi zerra-hortzez dotoreturik daude eta hilarriaren ingeradan zehar bi lerroko banda agertzen dira.

San Lorenzoko ataria ixten duten hormetan beste hilarri bat eta hainbat zati ikus ditzakegu. Meñakabarrenako Andra Mari baselizan beste hiru hilarri gehiago aurkitzen dira, tabular bat eta diskoidal bi, azken hauek zerra-hortzez apaindutako zirkulu erdikideetan antolatuta daudelarik.
Política de Privacidad  |  Terminos de Uso  |  Saresoft