Jata mendiaren hegaletan kokatutako nekazaritza eta abeltzaintza giroko udalerri txikia. Azken hamarkada hauetan zelaiz eta baserriz zipriztindutako paisaia berdearen erakargarritasunak eta bertako sosegu eta lasaitasunak, ondoko herriguneen mugimendu handitik urrun, bizitegi esparru estimatua bilakatu du Maruri-Jatabe, baita herri turistikoa ere.
Udalerria gero eta handiagoa den biztanleriaren zein bisitarien behar berrietara egokituz joan da, aldi berean berezko izaera eta ohiturak gordetzen saiatuz.
Maruri-Jataberen lehenengo bizilagunak egungo San Lorenzo Eliz Parrokiaren aldean finkatu ziren, Jata mendi-hegaletako baso oparoen eta behe lautadaren arteko lurretan, hain zuzen. Beranduago ibarraren aldean gaur egunera arte bizirik iraun duten baserri-auzo txikiak, burdinolak eta errotak sortu ziren.
Bere inguruneak kirol eta aisi jarduera ezberdinak burutzeko hainbat aukera eskaintzen digu, esaterako bere auzo ezberdinak ezagutzeko oinez eta mendiko bizikletaz egiteko ibilbideak. Bestalde jolas gune atsegin batez inguraturiko igerileku berriek ezin hobeak dira eguna familia artean igarotzeko. Horrez gainera, Maruri-Jataben jatetxe ugari aurkituko ditugu eta horietan guztietan zonaldeko indaba ospetsuak dastatu ahal izango ditugu, betiere eskualdeko txakolina edo sagardoa lagun.
|
Monumentu Ondarea
Errotak izan ziren mendeetan zehar udalerriaren jarduera tradizional bakarra. Maruri-Jatabek hamar irin-errota izan zituen garai batean, duela hamarkada batzuetara arte lanean jardun dutenak. Garapen industrialak eta Bilbo inguruan agertu ziren irin lantegi handiek beren gainbehera ekarri zuten, baina hala ere haietako batzuek hainbat elementu eta instalazio gordetzen dituzte. Horren adibidea, Garaizar nekazal etxearen antzinako errota. Gaur egun zaharberrituta dago eta bisitak egin daitezke.
Bizkaiko tipologiakoak dira udalerriaren baserri gehienak, hau da, bi isuriko teilatua eta balkoi zabala dituzte. Bestalde txakolingintzan tradizio handiko aldea denez, beraietako askok mahats parrak gordetzen dituzte fatxadetan edo mahastietan erabiltzen ziren antzinako zutoin tronkokonikoak.
Zubiaurre Baserrian eskualdeko azken errementarietako batek dihardu lanean. Bertan, beste animalia batzuen artean, idi-probetarako erabiltzen diren idiak ferratzen dira. Udalerriaren zaindariaren jaietan ospatzen den San Lorentzoko txapelketan idi-proba zaletu asko biltzen dira.
San Lorentzo Martiriaren Eliz Parrokia Gerra Zibilean suntsitu zuten eta Luis Ganaren proiektuari jarraituz, neo Erdi Aroko estiloan berreraiki zen. Bere atzealdeko sarreran XII. mendeko kapitel erromanikoa ikus dezakegu. Berau desagertutako Santa Gurutze baselizatik dator eta egun ura bedeinkatzeko erabiltzen da. Hostoz, bolaz eta amaitu gabeko aurpegiez apainduta dago. Bere ondoan Maruri-Jatabe Elizatearen antzinako Mahaia dugu. Azken honetan udal gobernuaren kontuak aurkezteaz gain, enkantean jartzen ziren kontratu publikoak.
|