 |
| San Pedro eliza barrokoa |
Loiu Txorierri Haranaren ipar muturrean dago, antzinatik landa giroko zonaldea izan bazen ere, gaur egun industria eta zerbitzu hedapen-eremu garrantzitsua da. Izan ere Bilbotik hurbil dago, komunikazio bikainak eta azpiegitura apartak ditu, azpimarragarriena Aireportua, zonaldearen sustapenaren giltza.
Aireportuak banatzen dituen bi alde ezberdinek osatzen dute udalerria
• Zabaloetxe, iparraldean, malda leuneko mendi-magal batean dago. Bertan herrigunea kokatzen da, San Pedro Eliza gotikoaren inguruan egituraturik eta bidegurutze baten ondoan. Azken bost urteotan bizitegi-garapenaren ondorioz, aldaketa sakona jasan du. Zabaloetxen herri eta administrazio zerbitzurik nagusienak ez ezik, ikastetxe ugari ere kokatzen dira.
• Lehen sektoreak udalerrian jarraitzen du, izan ere, Loiu azoka gune garrantzitsua da, bertan ganadu txapelketak ospatzen dira urtean zehar, hamabost egunez behin (hilaren bigarren eta hirugarren igandean) eta eskualde osoko landa inguruneko bizilagunentzako batzar lekua da.
• Larrondo, hegoaldean, trenbide eta Asua-Erletxes errepidearen ondoan kokatzen da. Bi komunikabide hauen inguruan industria jarduera nabarmena garatu da. Hemen Aireportuko Kontrol Dorre bikaina aurkitzen da. Bere ikus-eremuak hegazkin trafiko osoa hartzen du eta bere orientazioa aretoaren langileak itsu ez ditzan pentsatuta dago.
|
|
| Jauregia |
Monumentu Ondarea
San Pedro Eliza: XVI. mendeko eraikin gotikoa, Erdi Aroko baten oinordekoa (XVII. m.). Tenplu horren ugazabak Loiuko eta Asuako oinetxeetakoak izan ziren. Bere elementurik nabarmenena Portada gotiko berantiarra da, kalitate artistiko handikoa. Erliebe delikatua du trazeriak atondutako tinpano zuloan eta oraintsu arte polikromia aztarnak gorde ditu.
Dorreak harlanduzko oinplano karratua da, XVI. mendearen amaierako Errenazimentu garaian egindako lana. Barruan nabeak erretaula urreztatuak eta polikromatuak dituzten hiru aldare eder ditu.
Elizaren ondoan Abade Etxe Berdinak aurkitzen ditugu, Bizkaiko parrokia etxe multzoaren interesgarriena. Apaindurarik gabeak eta fatxadetan zurrun antolatuta dauden bi eraikin simetrikoak dira, biak bat egiten dituen lotuneaz hornitua.
Bengoetxe Baserria ere nabarmengarria da Loiuko ondarean, XVI. mendearen bigarren laurdenean eraiki zen, eta duela gutxi jatetxe bihurtzeko zaharberritu dute. Egurrezko eskeletoa daukan etxea da, eta fatxadan oholak mihiztatuz egindako itxidurak dauzka, eskualdean bizirik dirauten halako tipologiako azken ereduetako bat.
Loiuko landa ondarea bere baserriak badira ere, nekazaritza eta abeltzaintza jardueretatik bizi ez zirenen bizimodua erakusten diguten eraikinak ere badaude, hala nola Larraburu Jauregia. Gaur egun enpresa pribatu baten egoitza bada ere, jatorrian inguruko baserrien gainean botere ekonomikoa zuen maiorazko baten bizilekua izan omen zen.
Ez ezazu gal… ARBILDUAKO SAN MIGEL BASELIZA (LAUROETA)
Baseliza herrikoi xume hau Lauroeta auzoko landa gunean aurkitzen da. Ondoan frontoi eder bat eta Ingurugiro Gela bezala egokiturik dauden Auzoko Eskolak daude. Oinplano angeluzuzenekoa da eta hiru isuriko estalkia du. Gailurrean egurrezko egitura batek kanpaia hartzen du antzinako kanpai-hormaren ordez.
San Migel Baselizaren garrantzia artistikoa baino historikoa da, bertan Uribeko Bikariotzaren Batzar Orokorrak ospatzen baitzituzten Merindadeko kabildoen ahaldunek. Bere helburua bikaritzaren interesak eta errentak zaintzea zen eta ordenantza eta dekretuak betetzen zirela begiratzea.
Bestalde Arbilduako San Migelen Bizkaiko bandokideen arteko guden gertakaririk tragikoenetako bat bizi izan zen. 1427an Bizkaiko korrejidoreak bandoen arteko bakea lortzeko deitu zuen batzarra Arbilduan. Fortun Santxez eta Juan Ortiz bertaratu ziren, azken hau armatutako gizonekin. Korrejidorea harrapatzen saiatu zenean, Juan Ortizen gizonetako batek batzarrean bertan gezi batez erail zuen korrejidorea. Hiltzailea eta Juan Ortiz Arreskurenagakoa atxilotuak eta exekutatuak izan ziren.
Zaindariaren jaiak irailaren 29an ospatzen dira, San Migel Arkanjeluaren jaia, meza, erromeria, pilota partidak, idi-probak, asto-probak eta beste hainbat ekitaldi ospatuz.
|