06/10/2008     es | eu | en
Historia
Aisia
Ostatuak
Jatetxeak
Hondartzak
Jaiak
Loturak
LEZAMAKO HISTORIA
Elizako margoa
Elizako margoa
Lezama Txorierri haranean dago, mendi lerro bik mugatzen duten eremu laua. Lezama Butroi eta Nerbioi haranekin ondo loturik dago eta honek bere bilakaera historikoa eta bere garapena baldintzatu ditu.

Haranean barrena izandako hedapen industriala Lezamako jatorrizko landa paisaia aldatuz joan da. Hala ere, elizatearen jatorrizkoa guneak (Aretxaldek) eta bere auzoek paisaia eta inguruneari dagokienez kalitate nabarmena gorde dute. Gaur egun biztanleriaren gehiengoak sektore industrialetan jardun arren, Lezaman nekazaritza ustiategi modernoak kokatzen dira, berorien artean baratze-sektorea nabarmentzen dela. Horrez gain, hainbat nekazal etxe zein landa etxe eta "Bizkaiko Txakolina" jatorrizko deituraren Kontseilu Arautzailera atxikita dauden txakolin upeltegi ugari aurkitzen ditugu bertan.

Kirol eskaintza zabala du udalerriak: tiro zelai olinpikoa, ekitazio eskola, baina zalantzarik gabe Athletic Klubaren instalazioak dira erakarpenik garrantzitsuena. Bertan Klubaren entrenamendu eta kontzentrazioak egiten dira baita harrobiko lana ere.

Aretxalde multzoa usadiozko Elizatearen gune ederra da. Andra Mari Elizaren sarbide nagusiaren aurrean eta zelai handi baten inguruan, hilerria, hainbat oinetxe eta baserri tipiko ederrak biltzen dira.
Lezamako torrea
Lezamako torrea

Monumentu Ondarea



Andra Mari eliza XVI. mendeko eraikin gotikoa, ondoz ondo egin diren aldaketa eta handipenen emaitza da. Kupula barroko polikromatu batek kapera nagusia estaltzen du. Inguruan astro-motiboez apaindutako Hilarri bat aurkitu zen (K.a. I. m.)

Lezamako monumentu ondare multzoaren barruan Errege Bidea izan zenaren ondoan, bere edertasunagatik Txorieriko baselizarik nabarmenentzat hartzen den Kristo Santuaren Santutxoa ageri da. Bere alboan Aste Santuko antzinako prozesioei lotutako kalbario bat dago. Gotiko herrikoi estiloko San Antolin baselizak xake-itxurako frisoaren azpian zirkulu formako eta erronboide formako motiboez apainduriko portada ederra du.

Arkitektura zibilari dagokionez, Lezamako Dorrea nabarmentzen da, Kultura Ondasun izendatu zutena Monumentu kategoria emanez. Eraikin liraina eta era berean hermetikoa da, hiru mailatan banatuta, bere giltzarrian Lezamako armarria erakusten duelarik. Errota hidraulikoek eta XVI. eta XVIII. mende bitartean eraikitako baserri multzo bikainak biribiltzen dute udalerriaren ondarea.

Ez ezazu gal… ELORRITXUETA Zabalgunea- EL VIVERO jolas eremua.



Elorritxueta (“El Vivero” izenez ezagutua) Bizkaiko eremurik zabalenetariko da eta ekipamendu oso ona dauka. Bertan zelai handi eta eguzkitsuekin arboladi ezberdinak tartekatzen dira: haritz amerikarreko basoak, pinudiak edo altzifre basoak

Jolas-eremu hau mahaiz eta parrillaz horniturik dago baina, gainera, interes handiko kirol eta jolas instalazioak ere baditu: irristatze-pista, futbito-zelaiak, saski-baloi zelaiak, frontoiak, dutxak, taberna txiki bat eta aparkaleku handiak ditu. Ibilbide atsegin batek instalazio ezberdinak lotzen ditu.

Jolas eremuaren alboan legarrezko bide zabal bat gorantz doa frontoien ezkerreko maldatik, harik eta zuhaixkaz estalitako bizkar txiki baten goialdera iritsi arte. Lur horiek betetzen dituzten isats trinkoen artean, hormigoizko eraikuntza batzuk ikusiko ditugu, Gerra Zibilean eraikitako antzinako Burdinazko Gerrikoaren instalazioen aztarnak. Gaur egun ere, metrailadore eta kanoi postuak ikusten dira.

Bizkar osoa postu ezberdinak lotzen zituzten tunelez beteta dago; horrela, tropak posizio batetik bestera mugitzen ziren, bonbardatuak izateko arriskurik gabe.Ez da harritzekoa, bertatik dauden ikuspegi bikainak kontuan hartuta, leku hori iraganean kokaleku militar aukeratu izana, berebiziko posizio estrategikoa baitauka
Política de Privacidad  |  Terminos de Uso  |  Saresoft