10/10/2008     es | eu | en
Historia
Aisia
Ostatuak
Jatetxeak
Hondartzak
Jaiak
Loturak
LEMOIZKO HISTORIA
Urizarko Andra Mariaren eliza
Urizarko Andra Mariaren eliza
Lemoiz udalerria Erdi Aroan jaio zen Urizar Elizatearen inguruan eta beranduago Andraka eta Armintza mugartera zabaldu zen. Lehenengoa Plentzia eta Mungia lotzen dituen bidearen ondoan dago eta bigarrena, badia natural batean kokatutako arrantzale gunea da.

Paisaia ikusgarriak itsaslabar anitzak badia txiki eta uharrizko hondartzekin tartekatzen ditu. Eremu hau Natur Gune Garrantzitsua da, izan ere itsas hondoko zein kostaldeko landaretza eta faunaren komunitate adierazgarriak hartzen baititu bere baitan. Bestalde itsas hegazti ezberdinen ugal toki garrantzitsua da. Honek guztiak urpekaritzarako eta hegaztien behaketarako leku paregabe bihurtzen du.

Lemoizko ondarea aberatsa eta anitza da, bere bizilagunek historian zehar izan duten bizimodu ezberdinekin bat datorrena. Andraka eta Urizar landa auzoetan bere baserriak eta kultura tradizionalarekin lotutako elementuak, hala nola antzinako latsarria eta errota multzoa, nabarmentzen dira. Armintzako portu txikitik hurbil, ordea, arrantzaleen etxe tipiko aparta aurkituko dugu. Udalerriaren altxorra portada erromaniko ederra gordetzen duen Urizarko Andra Mari Eliza da.
Armintzako portua
Armintzako portua
URIZARREN BARRENA

Urizarko ondarerik nabarmenena bere baserriek osatzen dute. Alerik zaharrenak XV. mendearen amaieran eraiki ziren eta bere ezaugarri ezberdinen artean zutoinek eusten dute ataripea dugu. Ondorengo mendeetan harriaren erabilera hedatuko da eta Beitxu edo Palacio bezalako baserri handiak eraikiko dira.

Andra Mari Eliza Goi Erdi Aroko asentamendu tipiko baten erdian kokatzen da, garaiera apaleko mendi-hegalean dago eta behealdean ibar emankorra zabaltzen da. Elizaren ondoan Eskolak (1861) daude. Garai batean, eskualdeko landa guneetan ohikoa den bezala, udaletxea ere hartzen zuen bere baitan eraikin honek.

Ibilbide atsegin batek Elizatik Urizarko antzinako latsarriaren inguruan egokitutako jolas eremura eramango gaitu. Eremu hau mahai, eserleku eta haurrentzako jolaslekuz horniturik dago. Azalpen panel batek latsarri zaharraren instalazioak deskribatzen dizkigu, baita gaur egun berreskuratu den latsarriak duela gutxira arten lanean jardun zuela azaldu ere.

Uraren soinuak bidean zehar laguntzen digu Armintza ibaiaren ibilguan jarritako lehenengo errotara. Ibaibide labur honetan bere garaian bederatzi irin errota eta bi burdinola egon ziren.

ARMINTZA ETA ITSASOA

Arrantzaleek Erdi Arotik erabiltzen duten Armintzako badia Bizkaiko Jaurerriaren babes portua izendatu zen 1883an, barrarik ez izateaz gain, erraza baitzen bertaratzea baldin eta ekaitza bazekarren. XVIII. mendean hurbileko bi itsas labarretan kokaturik zeuden kanoi bateriek Ingalaterrako itsaslapurrek itsasotik egiten zituzten erasoaldiez babesten zuten badia
Portu txikia eta lasaia xarma handiko lekua da gaur egun, aglomerazio turistikoetatik urrun. Bere ondoan, jatorrizko egituraren berreskuratze-lan bikaina egin ondoren, gure egunetara heldu den arrantzaleen etxe tipiko bakanetako batek Armintzako Kultur Etxea hartzen du.

Armintzak otarrain eta itsaski portu ospetsua izan da historian zehar eta, laketontziak gero eta ugariagoak diren arren, bere jatetxeetan prestatzen duten arrain freskoa dastatzea merezi du, betiere eskualdeko Txakolina lagun.

Monumentu Ondarea



Urizarko Andra Mari Eliza:

Erromanikoaren garaian eraikitako landa-parrokia honek jatorrizko portada eta absidean leiho eder itsua gorde ditu sasoi hartatik. Tenpluaren oinplanoa angeluzuzena da, nabe bakarraz osatuta dago eta bere inguruko hormak ziur asko XVI. mendekoak dira, tenplu erromanikoaren elementuak berrerabili zituztela badirudi ere. Dorre kubikoa ziur asko Errenazimentukoa da, XVI. mendearen hasierakoa. Teilape batez estalita dagoen arkupe batek inguratzen du ia eraikin osoa.
Oraintsu gauzatu diren elizaren zaharberritze lanetan interes handiko elementuak aurkitu dira, esaterako egurrezko estaldura, azken mendean igeltsuz estalirik egon den zurgintza-lan ederra eta aldameneko aldarearen pintura murala. XVI. mendekoa da eta elizaren horman Errosarioko Ama Birjinari eskainitako erretaula simulatzen du, Bizkaiko eredu bakanetakoa dugu berau. Andra Mari gotikoa (XIV. m.) Barasodan desagertutako Magdalena baselizatik dator ziur aski.

Elizaren korua ere bitxia da, motibo herrikoiz landutako habe eder batek eusten baitu.

Tenpluaren hegoaldeko sarbidea Bizkaiko portada erromaniko bakanetakoa da. Dekorazio eskultorikoz eta kapitel historiatuez hornituriko zirkulu erdikoa arkua gordetzen du. Kapitel hauen artean mitra eta makulua daramatzan apezpikua, gorputz adarrak eliza-jantziez gabeturik eta bere bizkarrean arrano baten eta suge baten arteko borroka erakusten duena nabarmentzen da.
Política de Privacidad  |  Terminos de Uso  |  Saresoft