 |
| Larrabetzuko kalea |
Larrabetzuko udalerriak Aretxabalgana ibaiaren ibarra hartzen du. Gaztelumendi, Atxispe, Bizkargi eta Aretxabalgana gailurrek inguratzen dute eta aldi berean udalerri mugakideetatik banatu. Ibarraren azalera lauak nekazaritzari lagundu dio, horregatik historian zehar bertako bizilagunen jarduerarik nagusienak nekazaritza eta abeltzaintza izan dira.
Bizkaiko Jauna zen Juan infanteak sortu zuen 1376an hiribildua. Garai hartako bandokideen eraso ugariez babesteko beharrak bultzatuta sortu zen hiribildua, horrela inguruneko bizilagunak harresiz inguratutako leku seguru batean finkatu ziren.
Hiribildu haren Erdi Aroko egitura gaur egun ere antzeman daiteke: bide hiri bat, hau da, kale nagusiaren alboetan etxebizitzak eraiki ziren, kalea bera bidea zelarik. Larrabetzuko alde zahar historikoa, Andra Mari kalearen inguruan dagoena, Kultura Ondasun izendatu zuten 1994an Monumentu Multzoaren kategoria emanez. Hiribilduaren erdigunean Andra Mari Elizaz gain, Ikaza eta Anguleria jauregiak biltzen dira, azken hau benetan paregabea delarik.
Jaurerriaren bide garrantzitsu asko Larrabetzutik igarotzen ziren, hala nola Bilbotik Gernikara zihoana. Erromatarrek kostaldera heltzeko erabiltzen zuten bide hau Kristautasunaren bidea ere izan zen, horren adierazle Goikolexe Elizaren sorrera goiztiarra.
Beranduago Bizkaia zeharkatzen zuen Santiagorako Bidean sartu zen. Nonbait Bidea erabakigarria izan zen Larrabetzuren garapenean, izan ere bertako ekonomia sustatu ez ezik, Frantziatik zetozen joera kulturalak ere bertatik igarotzen ziren.
XV. mendean Larrabetzuk gailentasun berria eskuratu zuen Zinegite Bidearen ezinbesteko geraleku bihurtu zenenean. Bide honi Bizkaiko Jaunek jarraitzen zioten, bere agintea onartzeko baldintza baitzen lurraldeko foruak gorde, defendatu eta onartuko zituztela zin egitea. Larrabetzuren historiaren urrezko garai honetakoa da Emeterio eta Zeledonio Santuen Elizaren inguruan biltzen den multzo arkitektoniko garrantzitsua.
Bisitariak gure egungo historia ezagutu nahi izanez gero, Gaztelumendi bisitatu behar du. Gailur hau Gerra Zibilean zehar Bilboren defentsarako eraiki zen Burdinazko Gerrikoaren parte izan zen eta bertan borrokaldiaren batailarik erabakigarrienetako bat jazo zen, horren lekuko dira oraindik ere inguruan gordetzen diren garai hartako aztarnak.
|
|
| San Emeterio eta San Zeledonio eliza |
Monumentu Ondarea
Andra Mari Eliza hiribilduaren erdigunean dago, inguruko eraikinek ezkutatzen dutelarik. Kanpoaldeak sendotasun handia islatzen du, fatxadaren linea zurrunak eta bao eskasak bereizgarriak direlarik.
Ventura Rodríguez arkitektoak berreraiki zuen 1777. eta 1784. urte bitartean, XV. mendeko eliza ordezkatuz. Barrokotik estilo neoklasikora arteko trantsizioa ulertzeko ekarpen garrantzitsua dugu Andra Mari Eliza.
Barruan kalitate artistiko paregabea erakusten duen koadro bat gordetzen da, XVIII. mendeko pintore espainiarrik onenetarikoa izan zen Luis Paret eta Alcazarren “Santa Luziaren martirioa”, hain zuzen ere. Koadroa ezkutatua izan zen, bere ebasketa eragozte aldera, 1812an frantsesak Larrabetzun sartu zirenean.
LARRABETZUKO JAUREGIAK: Gaur egun Larrabetzun inguruko leinurik garrantzitsuenek eraiki zituzten dorretxeen aztarna gutxi geratzen dira. XVII. eta XVIII. mendeetan eraiki ziren hainbat jauregi, ordea, bertako jaun-andre gorenen urrezko garaiaren lekuko gisa gordetzen dira.
Anguleria Jauregia: 1629an Leginatarren leinuak Jauregi bitxi bat eraiki zuen Errege Bidearen alboan,errebalen ondoan. Eraikinak ezaugarri paregabeak ditu, eskualdeko bizileku-arkitekturaren barruan landa ereduaren eta oinetxeen eraginak uztartuz. Duela gutxi erabat zaharberritu da Kultur Etxe gisa erabiltzeko.
Fatxada dotorea harearrizko zutabe toskanoek eusten duten arkupe irtenaren gainean dago. Bere aurrealdea tenperan pintaturik dago, adreilu itxura hartuz (oso bitxia, adreilua, hain zuzen, estaltzen baitu). Bestalde, erdian gurutze bat ageri da eta albo banatan giza aurpegiak. Jauregiaren izen bitxia anguletatik dator, izan ere, berauek gertu zegoen ibaitik jauregiaren lorategiko ubidetara igarotzen ziren. Hainbat kondaira eta historia ageri dira eraikinaren inguruan, esaterako fatxadaren aurreko estolderia Patakon bidelapur ospetsuaren zein tropa karlisten ezkutalekua izan zela, liberalek herrian eta mendian, arrakastarik gabe, bilatzen zituzten bitartean.
Ikaza Jauregia: enparantzaren mendebaldean dago eta ziur asko antzinako jauretxe bat egon zen lekuan. Beheko planta eta bi solairuz osatuta dago. Lehenengoan hiru leiho burdinazko balkoi luze dotore batera irekitzen da. Bigarren solairua ehiza eszenak irudikatzen dituzten rococo estiloko pintura muralez apaindurik dago.
Landa ingurunea:
Hiribilduaren harresietatik kanpo Larrabetzuren ondarearen parte nabarmena gordetzen da, hala nola balio artistiko handia duen baserri multzoa. Beraien artean ataripean harrizkoa arkua duen baserria nagusitzen da. Baserri mota hau ezezaguna da eskualdean eta Durangaldeko baserrien antzekoa.
Larrabetzun baserriaren ohiko ereduarekin bat ez datozen landa etxe paregabe batzuk ere mirets ditzakegu, esaterako Beresonagaren Etxe Nagusia, estalperik gabeko galeria duen Aspuru, edo harrizko ateburu handia duen Pikene.
Hurbileko basoetako ur eta egur oparotasuna dela eta, errota eta burdinola ugari jarri ziren Aretxabalganaren ibarrean. Larrabetzuk zortzi errota eta hiru burdinola izan zituen, beraietako batzuen eraikin eta instalazioak gordetzen direlarik.
Gure egungo historia ezagutu nahi duten ibiltariek Gaztelumendi (324 m.) bisitatu behar dute ezinbestez. Gailur honetan Gerra Zibileko bataila erabakigarri bat jazo zen, horren lekuko bertan hildakoak gogorarazten dituen gurutze handia. Lur hauetan dauden pinudien artean erraz aurki daitezke Gerra Zibilean eraiki zen antzinako Burdinazko Gerrikoaren hormigoizko aztarnak. Oraindik ere bereiz daitezke metrailadore habiak eta kanoi postuak.
Gaztelumenditik hurbil San Salvador de Zarandoa Baseliza dago, X. eta XI. mende bitartekoa da eta hormaren burualdean leiho monolitiko bitxia gordetzen du. Ale hau Bizkaiko arkitektura kristauaren aztarnarik antzinakoenetakoa izateaz gain, XI. mendeko forma artistiko herrikoien lagin bakanetakoa da, estilo mozarabiarrekin, urrunetik bada ere, ahaidetuta dagoena.
Ez ezazu gal… GOIKOLEXEA MULTZOA
Goikolexeako landa gunea Aretxabalgana ibaiak ureztatzen duen ibar estu batean dago eta paisaiaren edertasunagatik eta San Emeterio eta Zelodonio Elizaren inguruan biltzen den multzo arkitektoniko garrantzitsuagatik nabarmentzen da.
Larrabetzuko lurretan han-hemenka sakabanaturiko baserritarrak, hiribilduaren gainontzeko auzokoengandik legez ezberdinak zirenak, Goikolexean zuten gizarte-bizitzaren gunea. Elizateak tenpluaren inguruan sortu zen landa-gizartearen giroa gordetzen du mendeetan zehar gehituz joan ziren hainbat elementutan: Eliza, Elizatearen mahaia, hilerria, abadetxea, jauregia, tabernak, baserriak, gurutzadura eta eskolak.
Bestalde Eliza Santiagorako bideari lotua dago historikoki, gainera Zinegite Bidearen derrigorrezko geralekuetako bat ere bazen, hau da, Gaztelako erregeek Behe Erdi Aroan Bizkaiko Jauntza aitortzeko egin behar izaten zuten bidaiaren geralekua. Goikolexean, Bilboren ostean, zin egiten zuen Bizkaiko Jaunak bigarrenez eta Aretxabalganaren goialdean bizkaitarrek Jaun berria jaso eta agurtzen zuten eskumuinen (besamanos) zeremoniaren bidez. Bizkaiko Erdi Aroko tenplurik antzinakoena, ezagunena eta hedatuena dugu.
SAN EMETERIO ETA ZELEDONIO ZIN-ELIZA
Arkupearen zoladuran aurkitutako XII. mendeko hilarriek aditzera ematen dutenez, Emeterio eta Zeledonio martiriei eskaini zitzaien lehen santutegia erromanikoa izan zen. Gaurko tenplua gotikoa da, 1500. urtera aldera eraikia. Eliza xumea da, nabe angeluzuzena dauka eta hiru atal ezberdinetan egituraturik dago. Tenpluaren sarrera barrokoa da (1735. urtera aldera).
Urrunetik erraz antzeman daiteke Goikolexeako dorrearen tamaina sendoa. Dorre hau XVII. mendean erantsi zitzaion nabeari, nolabait gotorleku tankera emanez. Tenplua arkupe bikainaz inguraturik dago, haritzezko zutabeak dituen armazoia du eta jatorrizko zoladuraren zati bat gordetzen du.
Goikolexeako hispaniar-flandestarreko Erretaula (XVI. m.) Bizkaiko ikaragarrienetakoa da. Filigrana eskultorikoko lan ederra da, egur polikromatu eta urreztatuan landua, bibliako eszena eta santuren martirioaren zikloa irudikatzen duena. Behe aldeko predelan berpiztutako Kristorekin dauden Apostoluen erretratu-galeria bikaina ikus daiteke.
Elizaren zaharberritze lanetan gotiko berantiarraren pintura muralen hainbat atal aurkitu ziren ustekabean. Pintura hauen garrantzia handia da, Bizkaian agertzen diren lehenengoak izateagatik ez ezik, Pirinioen alde honetan harrigarriak diren gaiak erabiltzeagatik ere. Bekatu kapitalak irudikatzen dituzte giza irudien bidez. Gizaki hauek animaliak zamalkatzen ageri dira, deabruek bultzaturik Leviatanen ahorantz doazela.
Ikonografia mota honek hedapen handia lortu zuen Erdi Aroan Goikolexea bezalako landa eliza txikietan, oinarrizko katekesia fededun eskolagabeen eskura jartzea zela bere helburua. Irudien tamaina handiak (San Kristobalenak 3,5 metro neurtzen du), zalantzarik gabe, zirrara ikaragarria eragingo zuen ikuslearengan
Elizaren inguruan ondarearen beste elementu interesgarri batzuk biltzen dira, hala nola estilo neoklasikoa duen Abadetxea, garai bereko Iruretagoiena Jauregia eta 1574ko Gurutzadura manierista ederra.
Gure bisita bukatzeko ezusteko txikia dugu zain. Larrabetzuko erdigunera goazela, bertarantz garamatzan errepidetik metro batzuk urrundu eta Oloste Jauregia aurkituko dugu, itxuraz eraikin xumea, baina ale bakarra egiten duten eraikuntza-xehetasunez jantzia.
Nabarmengarriak dira zutabe joniko batzuek eusten dituzten harrizko eskailerak eta, batez ere, fatxada apaintzen duen erliebean landutako erretratu- segida bitxia. Dama bat, juglare bat, andre nagusi bat, gizon bizardun bat arkabuza daramala eta Felipe III. garaian (1598-1621) erabiltzen zen gorteko kapela bereizgarria janzten duen zaldun bat irudikatzen dituzte aurpegiek hurrenez hurren. Bizkaian ez dago hau bezalako erretratu galeria gordetzen duen etxerik aurkitzerik.
|