29/08/2008     es | eu | en
Historia
Aisia
Ostatuak
Jatetxeak
Hondartzak
Jaiak
Loturak
GORLIZKO HISTORIA
Sortzez Garbiko Amaren eliza
Sortzez Garbiko Amaren eliza
Natura zein ondareari dagokienez, erakarpen handiko udalerria, kostaldean kokatua eta tradizio turistiko handikoa. Badia ikusgarri baten babespean egoteak itsas udalerri honen historia markatu du. Bertako bizilagunek arrantzari, itsas garraioari edo ontzioletako lanari ekin diote mendeetan zehar. Hala ere, lan hauek baserriko nekazaritzako eta abeltzaintzako lanekin tartekatzen ziren, ekonomia mistoaren ereduari jarraituz.

Gorlizek merkantzia ontziteria nabarmena izan zuen XVIII. mendearen erdialdera, Bizkaiko Jaurerriko bigarren portua zelarik, Bilboko Hiribilduaren atzetik. Izan ere, 5.280 kintal hartzen zituzten 15 ontzi zeuzkan.

XIX. eta XX. mendeetan zehar turismoaren agertzearekin batera itsas hiribilduak aldaketa handia jasan zuen, neurri batean ingurune apartak eta Itsas Erietxearen eraikuntzak bultzatutakoa. Aldaketa prozesu honek gaurko egunetara jarraitu du, Gorliz bizitegi-gunea eta udako atsedenleku bihurtu delarik.

Elexaldek, udalerriaren jatorrizko herrigunea izan zenak, Gorlizko giza eta administrazio gunea izaten jarraitzen du eta Sortzez Garbiaren Eliza eta udaletxea biltzen ditu. Gainontzeko bizilagunak Andra Mari, Areatze, Gandia eta Urezarantza gunetan banatzen da.

Gorlizek 4 kilometrotik gorako kostaldea du eta bertan Bizkaiko itsasertzeko hondartzarik lasaienetakoa eta zabalenetakoa. Maskor itxurako badia zabalak bere urak babesten ditu, windsurfean, urpean eta igerian aritzeko ezin hobeak.

Badiaren inguruan naturaz, paisaiaz, ibilbideez eta aisialdiaz gozatzeko aukera ugari izango dugu, bertan Itsas Pasealekua, Gorlizko Ospitalea eta Astondoko Dunak biltzen baitira. Hondartzaren ondoan dagoen pinudi kantauriarrean ere jolas eremu atsegina aurkituko dugu.

Natura Gorlizen


Gorlizko kosta eremua balio handikoa da naturari dagokionez, izan ere, bertan, azalera txiki batean, euskal kostaldeko habitat eta elementu geografikorik adierazgarrienetako batzuk biltzen dira. Hondartzaren alboan kokatzen diren duna kuaternarioek interes berezia dute, euskal kostaldeko bakarrak izateaz gain, 6.000 urtetik gorako antzinatasuna baitaukate.

Gorlizko itsasertzetik oinez goazela paraje ezberdinak ezagutzeko aukera izango dugu, hala nola itsaslabarrak eta itsas magalak, artadi kantauriarreko basoak, senaia ederrak eta hainbat itsas hegaztien ugal tokia den Billanoko irla. Ibilbide atsegin honen elementurik garrantzitsuena Gorlizko Itsasargia da. Gure bidea, Itsasargira heldu aurretik, egun “Gaztelutxoa” izenez ezagutzen den Azkorriagako Gotorlekuaren ondotik pasatu da. Gotorleku honek itsasotik egiten ziren erasoaldiez babesten zuen kostaldea. Gaur egun bere hondakinak baino ezin ditugu ikusi. Eremu honetan bertako arrazak berreskuratzen jarduten duen Foru Abeletxea kokatzen da, baita Bizkaiko Basoko Fauna Berreskuratzeko Zentroa ere. Gorlizko Turismo Bulegoan behar besteko informazioa eskaintzen diote bisitariari: udalerrian egin daitezkeen ibilbideak, hala nola ostalaritza, kultura eta kirol eskaintza.
Gorlizko hondartza
Gorlizko hondartza

Monumentu Ondarea



Elexaldeko herrigunetik Gorlizko Elizatearen ikuspegi zabala menderatzen dugu, muino txiki baten gailurrean baitago. Monumentu multzoak Eliz Parrokia nabarmentzen da. Berau enparantza gisako leku zabalean dago, ondoan frontoia eta, antzinako eskolak zeuden orubean, udaletxea.

Sortzez Garbiaren Eliza. Jatorrizko tenplua X. mendearen amaierakoa bada ere, gaur ikus dezakegun tenplua 1755 eta 1781 bitartean Martin de Uribeondo arkitekto elorriotarrak goitik behera berregin zuen. Nabe bakarreko eliza hau bost tarte eta hiru ataletan jasotzen den lau angeluko dorreaz osatuta dago. Tenpluko bi sarrera ederrak jatorrizko elizarenak dira. Goialdeko kaperetan lau erretaula neoklasikoak agertzen dira.

Elexaldeko lehenengo eraikinak baserriak izan ziren, baina denboraren joan-etorriarekin nekazaritza zein abeltzaintza jarduerarik izango ez zuten kale etxeak altxatu ziren. Landetxe mota honetako gehienak 1889 eta 1911 bitartean eraiki ziren. Bidean egindako etxeak dira, bizitzeko baino ez direnak, hala erakusten dute herriaren kale nagusira begira egoteak eta eraikin hauetan bereizgarria den begiratokiak.

XX. mendearen hasierako hamarkadetan eraiki zen Itsas Erietxearekin batera lehenengo opor etxeak agertu ziren. Berauetako asko garaiko arkitekto ospetsuek diseinatu zituzten, joera sortzaile neoeuskalduna nabarmentzen delarik.

Antzinako Erietxea eta gaur egungo Gorlizeko Ospitalea (1910-1914) Mario Camiñaren lana da eta udalerriko eraikinik berezienetakoa da. Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez eraiki zen mende hasierako haur-biztanleriaren desnutrizioak eragindako gaitzak osatzeko asmoz. Eta helburu hori lortzeko garai hartan aitzindariak ziren tratamenduak erabili ziren, esaterako hidroterapia eta helioterapia.

Estatuko lan honetan lehenengoz erabili zen hormigoia eraikuntza osoan. Eraikin multzo bezala proiektatu zen. Bertan galeria handiak eta eguterak oso garrantzitsuak dira, horrela gaixoek kanpoaldea zuten hurbil eta egun osoko eguzki-argia jasotzen zuten.

Ez ezazu gal… Agirreko Andra Mari Baseliza



Ez gara damutuko hondartzatik edo herriaren erdigunetik abiatzen diren ibilbideetako bat baseliza eta santutegi hau ezagutzeko erabiltzeaz. Herritik hurbil dago, aldapa bigunak dituen muino baten gainean eta Agirreko Andra Mari eta Elurretako Ama Birjinaren baseliza da.

Andra Maritik Gorliz Elizatearen ikuspegi ederra dago, Plentzia, Butroiko itsasadarra eta itsasoa ederto ikusten direlarik. Ez da harritzekoa, beraz, kokaleku paregabe hau antzinatik itsasargi gisa erabili izana ezta San Pedroko Itsasgizonen Kofradiak batzar leku hautatua izana ere.

Autore ezberdinek Bizkaiko lehenengo baselizen artean kokatzen dute eta Butroeko oinetxeari lotua. Jatorrizko parrokia izan zen eta hilerriaz gain bataiarria ere bazuen. Bere historian zehar berreraikitze eta zaharberritze lan ugari ezagutu ditu, gaur egungo eraikina XIX. mendearen erdialdekoa delarik.

Andra Mari debozio handikoa izan da Gorlizko eta eskualdeko bizilagunen artean, berauek erromerietan eta prozesioetan bertara jotzen zutela bere babes eta zaintzaren bila. Ama Birjinaren jaiaren inguruan, abuztuaren 5ean, gaur egun ere jai biziak eta alaiak ospatzen dira, jaietan antolatutako ekitaldien artean paella lehiaketa herrikoia nabarmentzen delarik.
Política de Privacidad  |  Terminos de Uso  |  Saresoft