20/08/2008     es | eu | en
Historia
Aisia
Ostatuak
Jatetxeak
Hondartzak
Jaiak
Loturak
GAMIZ-FIKAKO HISTORIA
Baserria Gamizen
Baserria Gamizen
Gamiz-Fika udalerria Uribe Merindadearen barruan zeuden antzinako Gamiz eta Fika Elizateen bat-egitearen emaitza da. Eremu lau samarrean zabaltzen da, hegoalderantz egin ahala igotzen hasten dela Butroi eta Asua haranak banatzen dituen Berreteaga (360 m), Urrezti (312 m) eta Urkulu (363 m) mendietaraino.

Nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera, malda eskasak zein Oka-Brutroi ibarreko lur emankorrak direla eta, Gamiz-Fikako eragile ekonomikoa izan da historian zehar. Egun bere biztanleriaren ehuneko handiak industria eta zerbitzu sektoretan jarduten du, hala ere, udalerrian lehenengo sektoreak garrantzia izaten jarraitzen du, horrela eskualdeko hainbat puntako ustiategi bertan kokatzen dira.

Biztanleriaren gainbeheraren ostean, ingurunearen kalitateak zein lasaitasunak eta herrigune handietatik hurbil egoteak biztanleria berreskuratzea ekarri dute, izan ere, bizileku erakargarria da.

Belaunaldi askoren lanari esker udalerri honen landa paisaiak eta ondare historiko, artistiko zein etnografikoak ia osorik jarraitzen dute, eta, Gamiz eta Fika landa herri txikiak badira ere, elementu aipagarriak dituzte, hala nola Fikako San Martin Eliza eta Santutxoa edo Gamizko San Andres Eliza eta Ugarte Dorrea. Gamiz-Fikan zauden bitartean bere antzinako bizilagunen bizimoduaz gehiago jakin nahi baduzu oraindik ere lanean diharduen Errotabarri Errota bisita dezakezu.
Fikako San Martin eliza
Fikako San Martin eliza

Monumentu Ondarea



Gamiz-Fikako ondare arkitektonikorik garrantzitsuena bere kalitate handiko baserri multzoa da. Beraietako hainbat ia osorik heldu zaizkigu, esaterako XVII. mendean eraiki zuten Olagortako Errementari.

Butroi ibarreko gainontzeko udalerrietan bezala, Gamiz-Fikan ere duela hamarkada gutxira arte garrantzi handia izan du errota-jarduerak. Gaur egun Errotabarrik baino ez du jarraitzen artoa ehotzen antzinako moduan, beronen lehenengo berri idatziak 1975ekoak direlarik. Errotabarrik bisita gidatuak eskaintzen ditu bere errota hobeto ezagut dezagun. (Luis Azillonarekin harremanetan jarri 655 72 35 88 telefono zenbakian).

Elexalde Multzoa: San Martin Eliza eta Santutxoa (FIKA)



Fikako San Martin Eliz Parrokiak historia gorabeheratsua izan du eraiki zenetik (1500), berrikuntza ezberdinak jasan dituelarik. San Martin deiturak finkapenaren antzinatasunaren inguruko arrastoak ematen dizkigu, oso antzinakoa eta Compostelara zihoazen erromesek hedatutako frantses eraginekoa. Arkupean Fika Elizateko auzokoen antzinako batzar mahaia ikus dezakegu.

Elizaren ondoan Jesus Gurutzilkatuaren baseliza edo “Kurtzefizioa” aurkitzen dugu, Bizkaiko santutxorik erakargarrienetakoa, bere barrualdea estaltzen duen kupulagatik mota honetako eraikinetan ohiz kanpokoa. Barrokoan eraiki zen (1783) oinplano angeluzuzenean harlanduzko hormekin. Baseliza hauek ibiltari kanpotarrentzako barrura biltzeko lekuak ziren, ibiltariak aldare aurrean makurtzen zirela bere borondate ona erakutsiz. Beste zereginetako bat hiletaren aurreko egunetan gorpuaren gaubeila eta erakusketa zen. Gainera barruan erretaula gordetzen da eta bertan Jesus gurutzilkatua Jerusalen hirian irudikatzen duen pintura. Irudia herriak eskatuta eraiki zen.

Gamizko San Andres Apostolua Errenazimentuan eraiki zen XV. mendean eta XVIII. mendean ia osorik berregin zen gaur egungo eliza barrokoa eraikiz. Hemen ere Gamizko auzokoen antzinako batzar mahaia aurkitzen dugu.

Gamizko arkitektura zibilari dagokionez Ugarte Dorrea nabarmentzen da, oraindik ere jatorrizko erdi aroko itxura gordetzen duena. Jasan dituen aldaketak gorabehera, dorretxeen ohiko defentsa-egitura mantentzen du.

Ez ezazu gal… ATXISPEKO SAN PEDRO



Atxispeko San Pedro baseliza paraje erakargarri eta paregabean dago, bertatik Erdi Arotik bide zaharrak igarotzen direla. Bere sorrera antzinakoa da oso eta horren adierazle dira harrian zabaldu diren hainbat zulo, aurretik baseliza bat zegoela, beharbada harrian induskatua, pentsarazten digutenak. Gaurko egunetara heldu diren eraikinaren aztarnak gotiko eta Errenazimentu bitartekoak dira, gure eskualdean ezohikoa den bolaz apaindutako arku zorrotza duela. Baseliza Gerra Zibilaren bonbardaketek suntsitua geratu zen eta tamalez ez da berreraikia izan.

Multzoaren elementurik antzinakoena haitzean induskatutako Erdi Aroko hilobia da, trapezoide formakoa eta ingerada zehatzak dituena. X. eta XI. mende bitartekoa da eta Bizkaiko ale bakarra izateaz gain, isurialde kantauriarrean aurkitutako bakanetakoa ere bada. Hainbat autoreren arabera mota honetako nekropolien jatorria hegoaldeko kulturetan aurkitzen da, ziur asko kultura mozarabiarretan. Harriak Atxispe urruneko garaietan sarritan bisitatutako igarolekua izan zela adierazten du.

Política de Privacidad  |  Terminos de Uso  |  Saresoft