 |
| Andra Mari eliza |
Nerbioi ibaiaren eskuinaldean dago. Bere kokapen estrategikoak, Itsasadarraren bazterrean eta Bilboko Eremu Metropolitarraren gune handietatik hurbil egoteak, alegia, La Campa eta Bilboko Itsasadarraren arteko zonaldearen garapen industrial sendoa baldintzatu du. Hala ere, bere landa-izaera oraindik mantentzen da Goiherri eta Erandio Goikoa auzoetan, azken honetan elizatearen jatorrizko herrigunea dagoela.
Udalerria altuera gutxiko mendien arteko lautada batean aurkitzen da. Itsaso eta ibaiaren arteko zona txiki bi ditu, Asua eta Udondo batetik eta bestetik Altzaga edo Desierto Erandio. Azken honen azalera jaso egin da Bilboko itsasadarrak eraman dituen gaien pilaketagatik.
Udalerriaren barruan zazpi entitate historiko daude: Altzaga Astrabudua, Erandio-Goikoa, Arriaga, Goiherri, Lutxana-Enekuri eta Asua-Lauroeta.
Erandio udalerri bizia da, jarduera askotarikoa eta oparoa mota guztietako zerbitzuetan: komunikazio onak, jarduera kultural, ekonomiko, komertzial eta industrialak, kirol-jarduerak ahaztu gabe. Era berean Erandiok elkarte eta talde ugarik urtean zehar antolatzen dituzten era guztietako jarduera eta ekimen kulturaletan hartzen du parte.
Monumentu ondare zabaleko eraikinik interesgarrienak Erandio Goikoa eta Goiherri entitatetan aurkituko ditugu, Elizatean Erdi Arotik bere sortetxeak eraiki zituzten leinu garrantzitsuen oinordetza, hala nola Martiartu Dorrea, inguru atseginean kokatutako Bizkaiko dorrerik ederrenetakoa. Andra Mari Elizaren kanpoaldean mirets dezakegun hilobi gotikoa ere familia berarena izan zen.
|
|
| Udaletxe enparantza |
Monumentu Ondarea
Andra Mari Eliza: Tenplu itzela, Erandioko Elizate historikoaren egoitza. 1.100ean eraiki zen eta XV. eta XVI. mendeetan gotiko berantiar estiloan berreraiki. Gurutze latindarra du oinplanoan eta altuera ezberdineko hiru nabe lau ataletan banaturik. Honi guztiari goiburua eta gurutzadura erantsi behar dizkiogu. Bere Dorrea, duen itxura militarra dela eta, elementurik adierazgarrienetako bat da. XVII. mendean jatorrizko eliza handitu zen gaur egungo eraikina eratuz.
Tenpluaren kanpoaldean Martiartuko Hilobi Monumentu ospetsua dago, Bizkaiko hilobi gotikorik nabarmengarriena (XV. mendearen amaierakoa). Sarkofago baten gainean familia honen gizon bat eta emakume bat dautza berorien armak daramatzatela. Martiartutarrak, Butroitarren aliatuak, eliza honen zaindariak ziren baita haranaren jabeak ere.
Martiartu Dorrea: Unbe mendiaren hego magalean dago eta Bizkaiko Dorretxerik adierazgarrienetakoa da. Eraikin mota hauek XIV. eta XVI. mende bitartean altxatu ziren. Garai horretan, Bizkaia hondatu zuten bandokideen gerretan, hain zuzen, leinu ezberdinen defentsa ikurrak izan ziren. Garai hau bukatutakoan, Martiartu eraitsi ez zen dorretxe bakanetakoa izan zen, beraz, oso-osorik gordetzen du bere egitura bikaina.
Talaia estrategiko honetatik Dorrearen jauntxoek Udondo ibarra erabat menderatzen zuten. Kokaleku hau defentsarako egokia izateaz gain, inguruan San Antonio baseliza, antzinako burdinola eta leinuaren hainbat nekazaritza lurrak aurkitzen ziren. Horrela Dorrea aginte eta botere elementu bezala jaso zen. Bestalde Erdi Aroan zehar etekin iturri handia izan zen bertako jauntxoentzat, bidesarietatik, burdinaren ekoizpenetik eta tenpluan lortutako hamarrenetatik zetozen etekinak, hain zuzen ere.
Jatorrizko dorrea, XIV. mendearen erdialdekoa, leinuaren etsaiek erre zuten 1472an eta XVI. mendearen hasieran berreraiki zen. Bitxikeria bezala dorrearen barnean antzinako eraikinaren hondarrak gordetzen direla aipatzekoa da. XVI. mendean Dorre gotikotik geratzen zena harresiz estali zen eta gainontzekoa hareharrizko harlanduz egin zen.
Ibilbideak
Akarlanda Eremua Bizkaiko jolas parke jendetsuena da. Landa paisaiarekin bat egiten duen eremu hau kirol instalazio eta ekipamenduen kalitate eta aniztasunagatik nabarmentzen da. Naturarekin harremanetan eta basoko ibilbideak egiten eguna igarotzeko leku paregabea.
Parkeak aloka daitekeen udal aterpe bat dauka (Harremanetan jartzeko: 902 540 999, posta elektronikoa:albergues@suspergintza.net www.suspergintza.net)
Astrabuduako Tres Cruces auzotik abiatzen den ibilbidean zehar Itsasadarraren eta Erandioko beste auzo batzuen panoramika zabalak ikusi ahal izango ditugu. Erriberako zamatzeko tokien eta burdinolen lanak Erdi Aroan du jatorria.
Goiherri landa gune ederra da ibilbideak eginez inguruneaz gozatzeko. Magdalena auzoan XVIII. mendeko San Kristobal baseliza barrokoa pinakuluak eta harrizko gurutzea dituen kanpain-horma batez erremataturik dago.
Fano Auzoa (Enekuri) ere txoko atsegina dugu. Muino berean zelai zabal batez inguratutako San Beranabe baseliza (XVI. mendekoa) eta jolas eremu txikia aurkitzen ditugu. Begiratoki natural honetatik Nerbio ibaiaren ezkerraldearen panoramika apartak ez ezik , Asua Harana ere ikus daitezke.
|