06/10/2008     es | eu | en
Historia
Aisia
Ostatuak
Jatetxeak
Hondartzak
Jaiak
Loturak
DERIOKO HISTORIA
San Kristobal eliza
San Kristobal eliza
Derio Txorierri Haranaren erdian dago. Alde honetako baldintza naturalek komunikabideen trabadura bultzatu dute, Derio historian zehar Butroi eta Nerbio ibarrekin ez ezik Txorierriko gainontzeko herriekin ere lotuz. Era berean Bilbo hiribildutik hurbil egoteak eragin handia izan du udalerriaren historian.

Nekazaritzaren garrantzia bere antzinako herrigune historikoan islatzen da, izan ere, mendi-hegalaren erdialdean eta San Kristobal elizaren inguruan kokatzen baita. Gaur egun, ordea, bertatik nahiko urrun aurkitzen dugu udalerriaren erdigunea. Esan bezala antzinako herrigunea San Kristobal elizak, hilerriak eta gertu eraikitako hainbat baserrik osatzen dute. Gaur egun udalerriaren gune zabalek bizirik mantentzen dute landa giroa, larre, mahasti txiki, negutegi eta soroz zipriztindutako ingurunean.

Azken hamarkadetan udalerriaren erdigunea Arteaga auzora aldatu da, bere kokapena ezin hobea baita, izan ere, bertan errepide nagusiek bat egiteaz gain, tren geltokiaren aurrean dago Arteaga. Herrigune modernoa dauka Deriok 60. hamarkadatik aurrera izandako garapen industrialaren ondorioa. Bertan zerbitzurik garrantzitsuenak zein kirol, osasun eta kultura ekipamenduak aurkitzen dira.

Derio Txorierriko herrigunerik handiena da. Zentro teknologiko nahiz industrialen sorrerak eta bizilekuen eraikuntzak udalerriaren zabalkuntza ekonomikoa eta demografikoa eragin dute. Udalerriaren heziketa tradizio historikoak bizirik dirau bertako irakaskuntza zentro anitzetan, beraietako asko Arteaga Centrum Eraikinaren inguruan aurki daitezkeelarik. Eraikin hau Derioko antzinako seminarioa dugu, gaur egun, ordea, funtzio anitz betetzen ditu, eskualde osorako eredua izanik.
San Isidro eliza
San Isidro eliza

Monumentu Ondarea



San Kristobal Eliza. Muino txiki baten gainean aurki dezakegu Derioko jatorrizko eliz parrokia, X. mendeko eraikina. Tenplu barroko xumea XVIII. mendeko Bizkaiko barroko estilokoa.

San Isidro Eliza neorromanikoa. 1958an eraikia, Derioko erdigune berritik hurbilago dago, udalerriaren herrigunearen lekualdatzea berretsiz.

San Esteban Baseliza. Udalerriko baseliza bakarra, estilo herrikoia dauka eta XVIII. mendean eraiki zen.

Udaletxea. XX. mendearen hasierako eraikin neoeuskalduna. Hasiera batean udaletxea eta eskola hartzen bazituen, egun udal bulego ezberdinak hartzeko egokitu da.

Errekalde Parkea. arboladi anitzez, herri-altzariz eta haurrentzako jolaslekuz hornituriko atseden leku atsegina.

Derioko Nekazaritza Eskola. 1939an zabaldu zituen bere ateak. Garaiko zentro aitzindaria irakaskuntzari zegokionean, baita Bizkaiko nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapena hobetzeko eta eraberritzeko gunea ere.

Ez ezazu gal…. DERIOKO SEMINARIOA – ARTEAGA CENTRUM

Gaur Arteaga Centrum izenez ezagutzen ditugun eraikinen historia gorabeheratsua 1930ean hasi zen. Orduantxe lursail hauetan 1.000 ohe inguru bilduko zituen ospitale psikiatriko handi bat eraikitzeko asmoa agertu zen. Eraikin lanek makina bat atzerapen eta arazo izan zuten hasiera-hasieratik. Arazoak arazo, oinarrizko egitura amaitutakoan behin-behineko erabilerak eman zitzaizkion: tabako-lehortegia, biltegia… Gerra Zibilak iraun zuen bitartean Euskal armadaren biltoki eta gordelekua ere izan zen. 1937ko maiatzean bonbardatua izan zen, Bilboko atzematearen bezpera gisa, kalte handirik jasan ez bazuen ere.

Gerra Zibilaren ondoren bertan behera gelditu zen proiektua eta Foru Aldundia eta Elizbarrutiaren arteko akordio baten ostean, eginda zegoen egitura 1960an zabaldu zen seminarioa eraikitzeko erabili zen. Aurreikusitako lau eraikinetatik bi baino ez ziren eraiki, azken emaitza ikaragarria izan zelarik: zazpi solairuko bi eraiki handi eta berauek lotzeko 53 metroko dorrea. Gerra ondoko monumentu eskerga bereizgarria.

Seminarioaren bizitza laburra izan zen. Bere jaiotzatik Bilboko Elizbarrutian izandako arazo anitzez gain, apaizgaien kopurua gutxituz joan zen. Horrela, 1975ean Seminario Handia itxi zen eta beranduago ikastetxe bezala erabiltzen zen Seminario Txikia ere. Une honetatik aurrera erakunde kultural ezberdinek izango dute bertan bere egoitza: Seminarioaren liburutegia, Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa, Irakasle Eskola, Labayru Institutua, Bizkaiko eliz artxibategia…

1990ean, lur batzuen arteko trukearen bitartez, Seminarioaren jabetza Bilboko Elizbarrutiaren eskuetan geratu zen. 1995ean Arteaga Centrum sortu zen eta bere berrikuntza osoa hasi zen eraikina enpresa ezberdinei alokatuz. Komunikazioei dagokienez, leku apartan dagoen eraikin hau ia erabat berriztatua dago gaur egun eta enpresa ezberdinak, kirol guneak, hotelak eta jatetxeak hartzen ditu bere baitan. Ezbairik gabe eskualdeko osorako eredua da gaurko eraikin funtzioanizduna.
Política de Privacidad  |  Terminos de Uso  |  Saresoft