 |
| Barrikako eliza |
Barrikako udalerriak itsasertzeko paisaia ikusgarria eskaintzen digu, Kantauri itsasoa alde batera eta Gana eta Kurtzio mendi-gailurrak bestera. Mendi hauetatik bi isurialde sortzen dira, bata Sopela eta Urdulirantz jaisten da eta bestea Burtroi itsasadarrerantz, Txipio ibarra osatzen den alderantz. Itsaslabar ikusgarrietan berezko ezaugarriak dituzten hiru hondartza eder tartekatzen dira. Berauek egiten dute ezagun udalerria, izan ere leku aparta da atsedenerako zein kirolean aritzeko, surfean jarduteko batik bat.
Barrikan aurkitutako aztarnategi arkeologiko anitzek lurralde honetan antzinatik gizakia bizi izan zela frogatzen dute. Bertako biztanleek nekazaritza eta abeltzaintzaz arduratzeaz gain, balearen arrantzan ere jardun zuten, Plentziako Itsasgizonen Kofradiak Barrikako marinelak bere baitan hartzen zituelarik.
Udalerriaren geografia berezi egiten duten itsasertza zabalak eta ibar ugariek giza kokalekuak baldintzatu dituzte, bizilagunak udalerrian zehar barreiatuz. Hori dela eta, Barrikak ez dauka berezko herri gunerik, ezta Elexalden ere, bertan nahiko bizilagun badaude ere. Inguruneak eskaintzen dituen nekazaritza eta abeltzaintza baliabideei ahalik eta etekin handiena atertzeko, bertako bizilagunak tradizioz auzunetan elkartu izan dira, gaur egun ere dirauen antolaketa eredua.
Barrikako elizatea Bizkaiko antzinakoenetakotzat jotzen da. Egungo eliz parrokiaren harresian, jatorrizko tenpluaren lekuko gisa, leiho erromaniko ederra ikus dezakegu.
Natura Barrikan
Udalerri osoak paregabeko paisaia erakusten du: ikuspegi zabalak eskaintzen dizkigun garaiera handiko kostaldea, baserriz zipriztindutako lautada leun eta zonalde malkartsuenetako basoak.
|
|
| Elordui Fundazioa |
KOSTALDEA ETA HONDARTZAK
Itsaslabar ikusgarri eta malkartsuz osatutako itsasertzean hiru hondartza zeharo ezberdin aurkituko ditugu:
Barrikako Hondartza: itsasora zabalik dago eta itsaslabarretik hondartzaraino jaitsi ahal izateko inguruneari egokitutako eskailera batzuk aurkitzen ditugu, berez erakarpen handikoak direnak.
Meñakoz hondartzak:Barrika eta Sopelana udalerrien mugan aurkitzen da. Ez da handia, harri txikiz edo "harribolaz" osaturik eta itsaso zabalera irekita dago, baina olatuak hausten dituen haitzez osatutako barrera batek olatuen indarra ahultzen du. Surfean aritzeko toki aparta.
Murriola hondartzak, (edo harrobikoa), txikia eta guztiz babestuta. Hondartza artifiziala dugu berau, gertu aurkitzen zen harrobi batetik baitator bere harea. Bere ondoan, Barrikondo edo Usendegi kala senadi txikia dago, ekaitza zekarrenean Plentziara zihoazen itsasontziek babes gisa erabili ohi zutena.
BUTROI ITSASADARRA
Butroi ibaiak udalerria zeharkatzen du mendebaldetik 2 kilometroan zehar. Itsasaldiaren gorabeheren eraginpean dagoen padura gunea da. Bertako landaretzaren azalera kontuan hartzekoa da. Gainera, uretako hegazti migratzaileen pausaleku eta atsedenleku garrantzitsua da.
Monumentu ondarea
Elexaldek landa elizate baten elementurik adierazgarrienak biltzen ditu: Udaletxea, eliz parrokia, frontoia, eta urruntxoago Elorduy Fundazioa. Dena itsasotik gertu aurkitzen den arboladiz eta berdegunez inguraturiko paraje lasaian.
Barrikako elizatea Bizkaiko antzinakoenetakotzat jotzen da. Andra Mari Elizaren sorrera XI. mendekoa omen da, gordetzen diren aztarnarik zaharrenak XII. mendekoak badira ere. Nafarroako Gartzia III.ak Najerako Andra Mari monasterioa eratu zueneko agirian honako hau aurkitzen da beste jabego batzuen artean: “in Bizkaia Sanctam Mariam de Barrika cum omni pertinentia”
Jatorrizko eliza erromanikoak handitze eta zaharberritze lan ugari jasan ditu bere historian zehar. Horrela, egun geratzen den erromanikoaren aztarna bakarra absidean aurkituko dugu; Bizkaiko estilo erromanikoan sortutako leiho bat, grekaz eta bolaz apaindutakoa. Portada nagusia gotikoa da, XVI. mendekoa, eta elizaren gorputza XVIII. mendeko barroko estilokoa.
Eliza eta udaletxetik hurbil Elorduy Fundazioa topatuko dugu. 1914an eraiki zen Concepcion Elorduy Andreak ospitale bat egiteko dohaintzan emandako ondasunei esker. Gaur egun, ordea, Zaharren Egoitza da. Leku garai batean kokatzen denez, udalerriaren paisaiaren gainetik nabarmentzen da bere kupula liraina.
J. Agirre arkitektoaren lana izan zen. Garai hartan modan zegoen bainuetxeen tipologiako eraikina da, Frantziako Mediterraneoko kostaldeko beste irudi batzuk gogora ekartzen dizkiguna. Erreferentzia historizistez osatutako kanpoalde eklektikoa dauka. Sarreran marmolean egindako “Caridad” izeneko eskultura aurkitzen da, bi gaixo irudikatzen duena. Rodinen ikaslea izan zen Higinio de Basterra (1876-1957) euskal eskultore ospetsuaren arte lana da. Loiolan, Gernikako Juntetxean edota Madrileko Bilboko Bankuan ere ikus ditzakegu beronen arte lan bikainak.
|