21/11/2008     es | eu | en
Historia
Aisia
Ostatuak
Jatetxeak
Hondartzak
Jaiak
Loturak
BAKIOKO HISTORIA
Kostalde bizkaitarraren udalerria, ingurune natural ezin ederragoan lekutua, baserri giroa eta turismoa, tradizioa eta modernitatea uztartzea lortu duena. Bakio tradizio turistiko handiko herria da, horregatik azpiegitura garrantzitsuaren jabe da.

Horrela, urte osoan zehar zabalik dagoen Turismo Bulegoan du informazio eta sustapen gunea, horrez gain, bertatik kultur eta aisi jarduera ugari antolatzen dira.

Kokapen ezin hobeak mikroklima berezia eta berezkoa sortzen du Bakion. Hezea eta gozoa. Udalerriko lur-eremurik handiena lautada zabala da, itsasoz bustirik eta garaiera apaleko mendi magalek babesturik.

Mendi eta itsaso artean egoteak Bakiori eskaintzen dion mikroklimari esker, nekazaritzaren garapenerako lur egokia da hau. Hori dela eta, berez klima mediterraneoko tipikoagoak diren zitrikoak eta mahatsondo bezalako laborantzak eskerronak agertzen dira klima gozo honen aurrean. Dena dela, zalantzarik gabe, hauen guztien artean txakolin ospetsua dugu adierazgarririk nagusiena. Horrez gain, urte osoko tenperatura atsegin eta gozoek atseden, aisia eta gozamenerako leku aparta bilakatu dute Bakio.

Bakioko altxorra bere hondartza ikusgarria da, Bizkaiko luzeena eta iparralderantz erabat zabalik. Olatu biziek arrantza-herri izatea eragotzi diote Bakiori, hala ere, horixe da, hain zuzen ere, bere xarmarik handienetakoa, izan ere, horri esker Kantauri itsasertzeko olaturik onenetarikoak, surfean aritzeko paregabeak, bertan apurtzen dira. Bakion olatuak ohol gainean menderatzeko trebetasunean hainbat aitzindari ere sortu ziren eta Euskadiko klubik garrantzitsuenetariko baten egoitza dago.

Horrez gain, udalerriko kostaldean Gaztelugatxeko Doniene aldeko Biotopoa dugu, bere aparteko balio ekologiko, kultural eta historikoarengatik babesturik dagoena.

Bakiok ondare arkitektoniko eta kultura elementu multzo guztiz aberatsa biltzen du, horrela seinalez hornituriko zenbait ibilbidek bertako arkitektura erlijiosoa eta zibila ezagutzeko aukera emango digute. Arkitektura erlijiosoari dagokionean, XII. mendeko San Pelaio Eliza nabarmentzen da, Euskal Herriko adierazle erromanikorik ederrena delarik.

Era berean, arkitektura zibilaren barruan Elexpuru eta Ormatza landa-jauregiak dira aipagarriak, hala nola, XX. mendearen hasieran turismoaren etorrerarekin batera eraiki ziren oporretarako luxuzko landa etxe handi eta dotoreak.

Monumentu ondarea



Arkitektura erlijiosoari dagokionez, Elizatearen jatorrizko herri gunean, Basigo auzoan, hain zuzen ere, aurkitzen den XVI. mendeko Andra Mari Parrokia gotikoa nabarmendu behar da. Aparteko aipamena merezi dute San Martin, Santa Ursula, San Esteban, San Kristobal eta Santa Katalina baselizek, paisaia ederreko herri auzunetan lekutuak eta estilo herrikoiaren xarmaz eraikiak izan zirenak.

Gaztelugatxe Donienerako bidean, egun Bermeoren jurisdikziopean, bisitatu beharreko eraikuntza aurkituko dugu: XII. mendeko San Pelaio Eliza. Erabat erromanikoa, linea zurrun eta garbiak erakusten ditu mendeetan zehar oso-osorik iraun duen eraikuntzak.

San Pelaiok jatorrizko nabe bakarreko oinplanoa gorde du mendeetan zehar baita bere ganga-absidea ere. Halaber bere dorre erromanikoa Bizkai osoan gordetzen den bakarra da. Bestalde, argi eta garbi agertzen zaizkigu bere erdi aroko ezaugarriak: garaipen-arkua, sarbideko portada eta abside-leihatea, azken hau geometria eta hostoak nahasten dituen kutsu bizantziarreko kapitelez horniturik.

Arkitektura zibilari dagokionez, seinalez hornitutako ibilbideei jarraiki XVII. mendetik gaurko egunetara arte eraiki zen elementu arkitektoniko multzoa ezagut dezakegu. Barroko aroan Elexpuru eta Ormatzako etxe handi eta bikainak gailentzen dira. Garaiko familia boteretsuen herri-jauregi soil hauek bizilekuetan emandako bilakaera islatzen digute.

XX. mendearekin batera forma arkitektoniko berriak agertu ziren Bakion. Bilboko goi-mailako klasearen opor leku bihurtu zen kostaldea, horregatik etxe galantez bete zen elizatik hondartzarainoko bidea, baita kaira eramaten gaituen errepidea ere. Etxe hauen ezaugarririk funtsezkoena estiloen aniztasuna da, bere helburua jabearen egoera, ekonomikoa, soziala nahiz jarrera ideologikoa azpimarratzea zelarik.

Antzinakoenak eredu paristarren berdinak dira, hala nola Feliena eta Quintatorre (1896). Beranduago, 1930ean, estilo barrokoari jarraituz Itxas-Ondo Jauregia eraiki zen eta honen ostean gugandik gertuago zeuden ereduak hedatu ziren, esaterako: Rosario Enea bezalako eraikuntza neokantauriarra, Loraldia edo Isabela bezalako neoeuskaldunak edo hirurogeigarren hamarkadan iraultzaileak izan ziren eragin ingeleseko txaletak.

HERRI ONDAREA

Bakioko usadiozko ekonomia-baliabide nagusiak nekazaritza eta abeltzaintza izan dira, itsas lanak bigarren mailakoak izan direlarik. Antzinako ekonomia ereduaren gune produktiboa baserria zen, familia eta aziendaren bizilekua, bestalde. Udalerrian seinaleztatutako ibilbideetan garai eta estilo ezberdinetako baserri multzo zabala ezagutzeko aukera izango dugu: ataripe dintelatua duten Gorrondona eta Artetxe baserriak, ataripe arkuduna duen Bidetxe eta egitura kubikoa duen Garbantxo jauregitxo itxurako baserria.

Nekazaritzak gaur egun ere garrantzi handiko sektorea da Bakion, izan ere tradizio eta kalitate handiko produktuak landatzen dira, berorien artean ospetsuena txakolina dela. Txakolina baserri askotan egiten bada ere, soilik hiru upeltegi daude "Bizkaiko Txakolina" jatorrizko deituraren Kontseilu Arautzailera atxikita: Abio, Zabala eta Doniene; horrez gain Txakolingune bat burutze lanetan dago.Tradiziozko mahastia mahats parretan eratuta zegoela ondo islatzen da Bakioko baserri ugaritan kontserbatzen diren egitura eta instalazioetan.

Herri-industrian Errotak eta burdinolak energia hidraulikoaren ustiapenaren lekukorik zaharrenak dira. XVIII. mendetik aurrera Estepona ibaiaren arroaren inguruan mota honetako eraikuntzak ugaritu ziren, horrela garai batean zortzi errota eta hiru burdinola bildu zituen Bakiok. Burdinoletan Enkarterrietatik Bakioko hondartzaraino gabarraz iristen ziren burdina-minerala eraldatzen zen. Bere jabegoa bertako jauntxoen eskuetan zegoen, belaunaldietan zehar familia bati alokatzen bazioten ere.

Bakioko errotek orain dela hamarkada gutxira arte jardun dute lanean. Beraietako batzuen elementu eta instalazioetan oraindik ere antzeman daitezke bere iragan berriko aztarnak. Zintziri Errota jatetxean lanean dabilen jatorrizko errotaren instalazio berreskuratuak bisita daitezke, baita lanabes eta tresna bilduma anitza ere. Gorrondona Upeltegiak ere udalerriko txakolinaren tradizioarekin lotua dagoen bilduma etnografikoa dauka. Eta azkenik, Eneperi Jatetxeak ere museo etnografiko txikia gordetzen du bere baitan.
Política de Privacidad  |  Terminos de Uso  |  Saresoft