10/10/2008     es | eu | en
Historia
Aisia
Ostatuak
Jatetxeak
Hondartzak
Jaiak
Loturak
ARRIETAKO HISTORIA
Arrietako ikuspegia
Arrietako ikuspegia
Uribe eta Busturialdea eskualdeen arteko mugan kokatzen da Arrieta. Gure eskualdeko udalerririk garaienetakoa da, izan ere Sollube mendiaren hego-magalaren goialdean aurkitzen da. Bestalde, Sollube Bizkaiko bost mendi turutari ospetsuetako bat dugu, hau da, bertatik Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusietarako deia egiten zen. Paisaia aldapatsua du baita Butroi ibarraren hegoaldean bat egiten duten errekasto ugari ere.

Bere historian barrena Arrietako bizilagunek bere magaletan finkatu ziren, baserriak hainbat auzune eta entitatetan elkartuz, hala nola, Agirre, Jainko-Oleaga, Libao eta Olatxua-Olabarri, beroriek ere auzo txikiagoetan banatzen zirelarik. Auzo hauen izaera nabarmenak, berezko antolamendu, gizarte eta ekonomía ereduekin batera, aldaketa handirik gabe iraun du denboran zehar gaur egunera arte.

Arrietatik ikus daitezkeen bistak ederrak dira, Uribe eta Busturialdea eskualdeez gain Bizkaiko gailurrik adierazgarrienetako batzuk: Anboto, Oiz, Gorbeia… hartzen baititu bere baitan. Hau guztia basoz, landaz eta baserriz osatutako aparteko ingurunean. Horrez gain hainbat mendi ibilbidek eta lau atsedenlekuk (Sollube, Otzagarai, Jainko eta Landagurenek) udalerriaren paisaiaren txoko guztiak ezagutzeko gonbitea egiten digute.

Arrietako ondare aberastasunik handiena XVI.-XIX. mende bitarteko baserri multzo interesgarria da, izan ere, balio etnografiko itzela duten baserriak biltzen ditu: besteak beste, Uribaster, Arrietatxu, Uribe, Elorreta eta Osinaga Aurrekoa. Gaur egun ere lanean dirauen Olatxuko Errotak gure eskualdeko nekazaritza industriaren garrantzia dakarkigu gogora.

Libao eta Jainko landa guneetan San Martin eta Andra Mari elizak ez ezik, ondare-balioa duten zenbait eraikuntza eta osagai ere aurki ditzakegu, berorien artean Jainkoko elizaren kristautasunaren aurreko antzinako estela, Kristo aurreko I. mendeko aparteko altxorra.
Arrietako plaza
Arrietako plaza

Monumentu Ondarea


LIBAO: Libaoko enparantzan landa gune tipiko baten osagaiak batzen dira: Udaletxea, elizartea, santutxoa, frontoia eta probalekua; era berean asistentzi eta administrazio zerbitzurik gehienak aurki daitezke bertan.

San Martin Eliz Parrokia: Litekeena da Arrietak zeregin garrantzitsua jokatu izana bandokideen garaia. Horren adierazle da San Martineko dorrea, kanpandorre soila baino dorre zelatari edo egoitza militarra baitirudi.

Dorrearen leiho gotiko-errenazentista ederrak eta garaipen arkua duen portada dira jatorrizko tenplu gotikotik mantendu diren osagaiak, izan ere, erabat berreraiki zen estilo neoklasikoan. Barruan zenbait bitxi-lan interesgarri dauzka hala nola estilo gotikoko erretaula bikaina.

Elizaren ondoan Aita Patxiri egindako monumentua (Victoriano Gondra 1910-1970) topatuko dugu, udalerriko pertsonaiarik miretsi eta maitatuenetakoa. Berau gudari batailoi baten kapilaua izan zen eta San Pedro de Cardeñako Kontzentrazio Zelaian atxilotua izan zen, bertan behin baino gehiagotan beste presoen ordez fusilatua izateko bere burua eskaini zuelarik. Bere gainerako bizitza herriaren apostolutzari eman zion, gaixoak eta behartsuak lagunduz

Kristo Santuaren baseliza edo Kurtzeperioa arku irekian duen sarbide zabaleko antzinako Santutxoa da. Antzina Gurutziltzatuaren irudia prozesioan ateratzen zen landak bedeinkatzearren. Horrez gain, Gerekako San Kristobal eta Bizkaiko kanpairik zaharrenetariko bat duen Landagurengo San Luis baselizak bisita ditzakegu.

San Martineko jaietan (azaroaren 11n) Arrietara hurbiltzea aukera ona da. Garai honetan Arrietako probalekuan oso ezagunak diren idi-probak ospatzen dira eta Arrietako odoloste ospetsuak dastatzeko abagunea izango dugu.

JAINKO: Jainkon, antzinako Andra Mari elizaren inguruan, frontoia, auzoko eskola zaharrak, gaur egun giza gune bezala egokituak, eta antzinako probalekua kokatzen dira. Azken honetan Andra Mariko jaietan zehar (irailaren 8an) oraindik ere, aspaldian egiten zen bezala, lur gaineko idi probak ikus ditzakegu.

Eskolen aldamenean atsedenleku bat dugu, bertako paisaiaz eta aparteko bistez gozatzeko ibilbide ezberdinen abiapuntua izan daitekeena.

Jainkoko Andra Mari: udalerriaren elementu historikorik zaharrena da. Erdia Aroan sortutako tenplua, ziur asko mende askoren aurretik sakratua izan zen lurrean, horrela ematen baitute aditzera bere aparteko kokapenak, lurralde zabala ikusgai duen mendiaren magalean lekutua, baita oraindik mantentzen duen indoeuropear tradiziozko hilarri garrantzitsuak ere. Gaur egungo eraikuntza, 1970. urtean azken aldiz berritua, harlangaitzezko paretak dituen oinplano angeluzuzenekoa da, kanpai-horma batez errematatua.

Elizaren barruan Uribeko altxorrik ezkutuenak aurkitzen ditugu: Erdi Aroko ereduari jarraiki landutako Ama Birjinaren irudi erromaniko polikromatua, tronuan eserita, eskuineko eskuan unibertsoaren bola duela, ezkerrekoan Jesus umeari bedeinkatzeko jarreran eusten dion bitartean.

EZ EZAZU GAL: Jainkoko hilarri prerromanikoa (K.a. I.- K.o.I)



Uribe eskualdeko (Meñaka, Berreteaga eta Arrietako) hilarri multzoa penintsulako iparraldeko interesgarrienetakoa da. Astro-motiboak eta gurutze-formakoak elkartzen dituzten K.a.I.-K.o.I. mende bitarteko hilarri handiak dira,. Garai hartan Bizkaiko erdigunean, hau da, Bilbo eta Gernikako itsasadarren artean,bizi izan ziren eta egun ere ezezagunak diren bizilagunen aztarna bakarra dugu hilarri multzoa.

Jainkoko hilarria presbiterioan aurkitu zen berrikuntza lanetan eta gaur egun santutegiaren aldareari eusten dio. Ez ohiko irudi batez apaindutako hareharrizko bloke bikuna da: bere aurrealdean gurutze bat du eta beronen elkargunean eguzki-sinboloa. Albo batean gurutze latindarra erakusten du eta bestean banda bertikala
Política de Privacidad  |  Terminos de Uso  |  Saresoft